Mikel Serrano Zumarragako alkateak Antioko interpretazio zentroaren lanak ikusteko bisita antolatu du gaur. Bisitan iragarri du, gaur zentroko ostalaritza zerbitzua kudeatzeko jaso dituzten hiru proiektuak entzuteko ebaluazio batzordea bilduko dela. Batzordeak hiru ostalariak hartuko ditu gaur, eta astelehen goizean Zumarraga Lantzeneko batzordea bilduko da erabaki bat hartzeko. Astelehenean bertan, prentsaurreko bidez, ostalaritza zerbitzua nori esleitu dioten aditzera emango du alkateak.
Bihar bilduko den ebaluazio batzordea PSE-EEko Mikel Serrano, Fernando Fariñas eta Ricardo Lozano, PPko Begoña Pereira, EAJko Iñigo Peñagarikano eta Antton Elorza Gipuzkoako Ostalarien elkarteko lehendakariordeak osatuko dute. Serranoren arabera «Bilduko ordezkariek parte hartzeari uko egin diote». Alkatearen esanetan, «Bildu koalizioa baldintza-orrietako kondizioekin ez zetorren bat». Xabier Barriola Zumarragako Bilduren bozeramailea da: «Orrietan jasotzen diren hainbat baldintzarekin ez gatoz bat, bestalde euskarak izandako trataera gaitzesten dugu». Barriolak adierazi duenez, «jendaurrean egongo diren ostalarien euskara maila ez da zehazten ez eta maila hori frogatzeko modurik adierazten ere». Bilduko ordezkariak asteleheneko bileran izango dira Zumarraga Lantzeneko batzarkideak diren heinean.
Hasiera batean bost ostalarik egin zuten esleipenera gonbidatzeko eskaera. Horietatik hiruk aurrera jarraitu eta proiektuak aurkeztu dituzte. Serranoren arabera, «bihar, paperean adierazitakotik harago, proiektuak aurrez aurre aurkeztuko dizkigute».
Astelehenean, bide batez, Antion haurrentzat eraikiko duten jolas parkea egiteko esleipenera aurkeztu diren hiru enpresen proiektuen berri emango dutela esan du Mikel Serranok.
Lanen nondik norakoa eta museoaren edukiaren berri bihar Goierriko Hitzan
