Ezpata dantza egingo dute Antion eta Euskadi plazan
Gaur Santa Isabel eguna da, Zumarragako egun handia, baina zumarragarrek ez dute nahi bezala ospatzerik izango. Udalak, jai jarduera guztiek pertsonak biltzea dakartela ikusirik, festak bertan behera uztea erabaki du. Hala ere, tradizioan eta kulturan oinarrituta, Udalak, elizak, txistulariek eta dantzariek meza eta eliza barruko ezpata dantza egitea erabaki dute.
Ekitaldia 11:00etan izango da eta ez da prozesiorik eta ohorezko aurreskurik egongo. Zozketa bidez gonbidapena lortu duten zumarragarrak bakarrik sartu ahal izango dira ermitara. 100 herritar sartuko dira. Ekitaldia Urola Telebistan eta zelaiarizti.eus webgunean zuzenean emango dute.
Mezaren ondoren, 12:45ean, ezpata dantza egingo da plazan. Udalak ez du bestelako ekintzarik sustatuko, ezta lagunduko ere. Era berean, herritarrek erantzukizunez joka dezatela eskatzen da, pertsonen kontzentrazioa eta ezarritako segurtasun neurriak ez betetzea saihestuz.
Uztailaren 2ak festa usaina du beti Zumarragan. Aurten ere herritarrek jaietako zapia lepoan jarriko dute eta urteko egun handiena ospatuko dute, beti ere osasun arauak errespetatuz. Aurten ere, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, herri sentimendua eta anaitasuna nagusituko dira. Koronabirusak elkartzea, jaitsiera egitea eta besarkatzea eragotziko du, baina ezin du ezer egin laguntasun giroaren aurka. Ez dago Santa Isabel eguneko sentimendua zapuztuko duen koronabirusik.
Argazkian, Lanbroa belar-dendako erakusleihoa.