Goierriko Kontseilu Sozialistak antolakuntza komunistaren alde borrokan jarraituko duela adierazi du Langileen Nazioarteko egunean egindako manifestazioan.
Urretxuko Kalebarren plazatik abiatu da Goierriko Kontseilu Sozialistak deitutako manifestazioa gaur arratsaldean. Ekintza honekin, amaiera eman diete aurreko asteetan zehar “Krisi garaian, gure hautua sozialismoa” lelopean burutu duten dinamikari.
Manifestazioa Urretxu eta Zumarraga artean egiteko asmoa zuten arren, osasun-krisiaren harira ezarritako arauen ondorioz, ezin izan dute Zumarragatik igaro eta ezohiko ibilbidea egin dute Urretxuko kaleetan barrena. Kalebarren plazatik hasi eta plaza berean amaitu dute gaurko agerraldia. Jendaurrean irakurri duten komunikatuan, jakinarazi dute ekonomia «berrantolatzen» ari dela eta aldi berean «aldaketak ekartzen ari dela langileen bizitzetan», esaterako, «ezegonkortasuna, lekualdatzeak edota diru sarreren gutxitzea».
Bozeramaileek adierazi dute aldaketa egoera horretan «bake soziala mantentzea dela burgesiaren helburu nagusia eta kate motzean lotuko duela langilea». Horren harira, pasa den asteetan Zaldibia eta Legazpian gertatutako ezbeharrak salatzeko ere aprobetxatu dute gaurko ekimena.
Amaitzeko, argi utzi dute «egoera honetan proletargoak esperantzarik izango balu, antolakuntza komunista indartzetik abiatu behar duela herriak», antolakuntza horren premisa «klase batasuna eta ekintza batasuna» izanik.