Urretxuko udalak antolatu du eta hilaren 26an izango da. Adinekoei 24 orduko arreta eskainiko die zerbitzuak. Gizarte zerbitzuetan eman behar da izena.
Hilaren 26an Beti On telelaguntza zerbitzuari buruzko hitzaldia egingo da Urretxuko udaletxeko portaloian. Ekitaldia 15:00etan hasiko da. Hitzaldi hau Urretxuko Udalak antolatu du, adinekoei eta bakardade egoeran daudenei 24 orduko arreta espezializatua eskaintzeko.
Hitzaldi honen jatorria iaz egin zen diagnostiko bat da: udalak bakardadearen inguruko diagnostikoa egin zuen, herrian bizi diren zahartzaro eta bakardade egoerak ulertzeko eta lantzeko.
Ikerketaren arabera, Urretxun 65 urtetik gorako 577 pertsona bakarrik bizi ziren. Populazioaren %8,5 dira. 65 urtetik gorako populazioaren %37.
Udala ekintza plana garatzen ari da atzemandako beharrei erantzuna emateko. Hala, hilaren 26an Beti On Euskadiko telelaguntza zerbitzu publikoko profesionalek 24 orduko arreta espezializatuaren berri emango dute.
Telelaguntza zerbitzua pertsonan zentraturiko arreta ereduan oinarritzen da: erabiltzaileen egoera baloratzen dute eta zerbitzuak erabiltzailearen beharretara egokitzen dituzte. Zerbitzua gizarte arloko profesionalek eskaintzen dute. Balorazioa soziosanitarioa egin ondoren, erabiltzaileei eta beraien familiei orientazioa eskaintzen diete.
Erabiltzaileek etxean sakagailu bat dute, larrialdi egoeretan erabiltzeko eta telelaguntza zerbitzutik artatuak izateko.
Hilaren 26ko hitzaldira nahi duten guztiak joan daitezke. Horretarako, Urretxuko Gizarte Zerbitzuetan eman behar da izena. Bertako telefono zenbakia 943 03 80 83 da.