
Aurten ere Urretxuko Abenduko Feria San Martin egunean (ostiralean) ospatuko da. Hala, San Martin auzoko bizilagunek antolatzen dituzten ekitaldiez gain (odolki dastaketa, Martintxo txerritxoa, haurrentzako jolasak…), herri kirol erakustaldia eta baserrirako lanabesen zozketa egongo dira. Ekitaldi guztiak Iparragirre plazako karpan izango dira.
17:00etan lanabesak eta otarrak zozkatuko dira. Zozketan baserritarrek parte hartuko dute. Ordu berean, haurrentzako jolasak eta txokolate jana egongo dira. Opariak egongo dira parte hartzaileentzat.
18:00etan, Urretxu-Zumarragako herri kirol elkarteak antolatuta, herri kirol erakustaldia egongo da. Bertaratzen direnek kirol ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute.
19:0etan odolki pintxo dastaketa hasiko da eta 19:30ean Iparragirre Balerdi musika tailerraren eta Lizarriturri txistulari taldearen kalejira. 20:30ean San Martin auzoan joko dute eta ondoren plazan. Arratsalde osoan zozketa baterako txartelak salduko dira. Bi urdaiazpiko zozkatuko dira, 21:00etan. Bildutako dirua Elikagaien Bankuari emango diote.