Goiargi abesbatzako kideek 40. urteurrena ospatu dute. Meza egin dute mertzedarien elizan. Bertan, hildako kideak oroitu dituzte. Mezan, Goiargiko kideek abesbatzaren historian garrantzitsuak izan diren kantak abestu dituzte: God be with you (Tomer), Confetimini Domino (De Taize), Aita Gurea (Madina) eta Ave Verum (Mozart).
Ondoren, kontzertua oso berezia egin dute: lehen zatian egungo kideek abestu dute, bigarrenean ahots zuriek eta hirugarrenean garai bateko eta egungo kideek.
Lehen zatian egungo errepertorioko obrak abestuko dituzte: Laudate Nomem Domini (Tye), Ave Verum (Stopford), Ama Eskual Herria (Lesbordes) eta Minoi Minoi (Marshall). Bigarren zatian emakumeek bakarrik abestu dute eta Xabier Barriolak zuzendu ditu. Izan ere, Goiargi emakume talde batek sortu zuen. Barriola bigarren zuzendaria izan zen. Lehen zuzendaria Antonio Rey izan zen. Bigarren zati horretan Xagu Soinua (Rey), Txiribogin Andrea (De Santiago), Txeru (Almandoz) eta Izar Ederra (Escudero) abestu dituzte.
Hirugarren zatian, egungo eta garai bateko kideek lau kanta abestu dituzte: Agur Maria (Azpiazu), Kaiku (Lesbordes), Txoria Txori (Laboa. Moldaketa: Busto) eta Maite (Sorozabal).
Kontzertua oso hunkigarria izan da. Eliza txiki gelditu da. Bi herrietako bizilagunek Goiargiri Urretxu eta Zumarragaren aldeko egindako lana eskertu diote. Txalo zaparradak sekulakoak izan dira. Antonio Reyrengana eta joan diren gainontzeko kideengana ere iritsi dira, ziur.
Amaiera bereziki hunkigarria izan da. Goiargiko kideek Barriolari eta Arratibeli lore sortak oparitu dizkiete. Arratibelek bere amari eman dio lore sorta. Mari Carmen Mendiari ere lore sorta oparitu diote. Mendiak abesbatza Maite Palacios zenaren eta Bixi Garziandiaren ekimenez sortu zela gogoratu du. Mendiak Garziandia deitu du eta besarkada estua eman diote elkarri.
Amaieran argazkia atera dute kanpoaldean. Hor ere abestu dute, noski. Gero bazkaltzera joan dira.
Horra hor kontzertuko bideo batzuk.