Udalak gertakaria deitoratu du eta igerilekuko instalazioak berrikusten ari da arrazoiak argitzeko eta horrelako gertaera bat berriro gerta ez dadin
Joan zen ostiralean arrain ugari hil ziren Urola ibaian. Urretxuko Udalak jakitera eman duenez, kloroa isuri zen Urola ibaira, istripuz, udal igerilekuko instalazioetan dagoen ur depositu bat apurtu zelako. Ur depositua hautsi ondoren, produktua pixkanaka iragazten hasi zen, ibaiaren ibilgura iritsi arte. Gertatutakoaren berri izan bezain laster, udalak zegokion protokoloa aktibatu zuen, eta gertatutakoaren berri eman zien 112 zerbitzuari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, gertaeraren nondik norakoak aztertu eta beharrezko neurriak hartzeko.
Une horretatik aurrera, udaleko teknikariak Uraren Euskal Agentziarekin (URA) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainekin elkarlanean aritu dira, isuriak ibaiko ekosisteman duen eragina aztertzeko eta egin beharreko jarduerak zehazteko.
Udalak biziki deitoratzen ditu gertakari hau eta natur ingurunean eragin ahal izan dituen ondorioak. Era berean, herritarrei jakinarazi nahi die dagoeneko udal igerilekuko instalazioak berrikusten ari direla, biltegia apurtzearen arrazoiak argitzeko eta horrelako gertaera bat berriro gerta ez dadin. Igerilekuak, nolanahi ere, martxan daude eta erabilera publikorako irekita.
