Larunbateko folklore jaialdian Ipar Mazedonia eta Kazakhstango taldeek dantza egingo dute, besteak beste .Gauean The Excitements eta The Bo Derek’s taldeek joko dute

Urretxuarrek jaien aurreko asteburua ospatuko dute. Urteroko moduan, ekitaldi asko antolatu dituzte. Aurtengo berrikuntza nagusia bola eta toka txapelketa izango da.
Lehen ekitaldia herri arteko folklore jaialdia izango da. Larunbatean izango da. Aurten ere urrutitik etorritako taldeek parte hartuko dute. Ipar Mazedoniako Alexandar Turendzev eta Kazakhstango Naz taldeek, hain zuzen ere. Beraiekin batera, Maragato de Val de San Lorenzo (Espainia), Ligiko Dantzariak (Zuberoa) eta Lurra taldeak arituko dira.
10:00etan folklore azoka egingo dute Gernikako Arbola plazan. Euskal Jairako materiala lortzeko aukera ezin hobea izango da. 12:00etan jaialdian parte hartuko duten taldeei harrera egingo diete udaletxean. 13:00etan, munduko dantzak ikasteko aukera egongo da Gernikako Arbola plazan. Jaialdia 18:30ean hasiko da, toki berean. Lurra taldeko dantzari txikiek emango diote hasiera jaialdiari. Bitartean, gainontzeko taldeak kalejiran sartuko dira plazara. Aurten ere argazki lehiaketa antolatu dute.
Gauerako udalak eta Zarraparra kolektiboak rock kontzertuak antolatu dituzte. The Excitements eta The Bo Derek’s taldeek joko dute. Jaialdia Areizaga-Kalebarren plazan egingo dute (euria egingo balu, Gernikako Arbolako karpan). Sarrera doan izango da.
Katalunia eta Galiziatik
Larunbateko musika jaialdia The Excitements taldeak hasiko du. 23:00etan igoko dira oholtzara. Talde kataluniar honek rythm’n’blues eta soul estiloak lantzen ditu.
The Excitements taldekoek Europa osoko jaialdietan jo dute: Frantzian, Ingalaterran, Alemanian, Italian… Donostiako Jazzaldian bi aldiz jo dute. Donostian egon ziren azkeneko aldian Zurriola hondartza betetzea lortu zuten.
Ondoren, 00:30ak aldera, The Bo Derek’s talde galiziarrak joko du. Rock-and-roll talde honetako kideek ere esperientzia handia dute. Zuzeneko indartsu eta dibertigarriak eskaintzen dituzte.
Iganderako, bola eta toka txapelketak eta Adineko Pertsonen Eguna antolatu dituzte. Txapelketak Gernikako Arbola plazan jokatuko dira, 11:00etatik aurrera. Bola txapelketan parte hartzeko 5 euro ordaindu behar da eta toka txapelketan parte hartzeko 3 euro. Onenek sariak jasoko dituzte.
Adineko Pertsonen Egunari dagokionez, 11:30ean udal korporazioak eguneko zentroa bisitatuko du. 12:15ean adineko pertsonak eta korporazioa Aterpe jubilatuen egoitzen elkartuko dira eta bertaratutako edadetuenak omenduko dituzte. Ondoren, elizara joango dira Lizarriturri txistulari taldekoek lagunduta. 12:30ean meza egingo dute. Ondoren, taldeko argazkia aterako dute. 14:15ean Ederrenara joango dira bazkaltzera. Bazkalostean dantza lehiaketa eta animazio ekintzak egingo dituzte, DJ Tirapuren eskutik.
Bazkarirako txartelak, udaletxeko gizarte zerbitzuetako bulegoan jaso behar dira gaur, bihar edo etzi, 09:00etatik 13:00etara.