Mercedes Perez Aldai herriko emakume edadetuena zen, 104 urterekin

Joan zen ostegunean Mercedes Perez Aldai hil zen. Urretxuko emakume edadetuena zen, 104 urterekin.
Perez Arabako Done Bikendi Harana herrian jaio zen eta 1953an Urretxura etorri zen Ignazio Berrueta senarrarekin eta Marivi eta Dorita alabekin. Bera etxekoandrea izan zen eta senarrak Madaya eta Mendiola Eraikuntzak enpresetan lan egin zuen.
Mercedes egunero mezetara joan zen ahal zuen bitartean eta irakurtzea asko gustatzen zitzaion. Ia 100 urte bete zituen arte etxeko lanez arduratu zen eta familia zen bere kezka nagusia. Lau biloba eta sei birbiloba utzi ditu.
Bere nortasun agirian 1920ko irailean jaio zela jartzen zuen, baina 1919ko irailean jaio zen. Nortasun agiriko akatsa dela eta, erakundeak eta komunikabideak 2020an berarekin harremanetan jarri ziren 100 urte bete zituela uste zutelako.
Geroz eta gehiago dira 100 urte betetzera heltzen diren pertsonak. Ondo bidean, aurten urretxuar batek 101 urte beteko ditu eta beste bik 100 urte.