Noraino eramango gaituzte pauso berriek? lelopean aurkeztu du Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak Sormonak sormen lehiaketaren bigarren aldia. Egitasmoaren helburua nerabeak sormenera bultzatzea da. Izen emate epea ikasturte hasierara aurreratu dute, partaideei sortze prozesua aurrera ateratzeko beharko dutena lehenbailehen helarazteko. Sormonak Festa otsailean egingo da.
Urretxuko Udala Schwarzenbruckeko (Alemania) Udalarekin batera Erasmus+ trukea lantzen ari da. Hala, aurtengo edizioan parte hartuko duten zenbait partaidek, bost bat egunez Alemaniara joateko aukera izango dute udaberrian, Europako laguntzari esker. Ondoren, Alemaniako nerabe talde bat etorriko da Urretxura.
Bizitzan zehar nerabezaroa da sormena goren izaten den aroa, eta Urretxuko Udalak sormena garatzeko bidea eskaini nahi die aurten ere 14 urtetik (DBH2tik) 18 urtera bitarteko nerabeei. Izan ere, Sormena garatzeak osasunean, ongizatean eta garapenean onura du. Horretaz gainera, nerabezaroaren ikuspegi positiboa zabaldu nahi izan du Urretxuko Udalak, ohiko estereotipoei aurre eginez. Iaz bezala, lehiaketa izango da, baina batez ere prozesu bat izango da: parte hartzaileek sortu nahi duten hori garatzeko baliabideak eta inguruko zein Euskal Herriko adituen laguntza izango dute.
Lan originalak zein beste lan batzuetan oinarritutakoen bertsioak aurkeztu ahalko dira, zeinahi esparrutakoak. Prozesua bukatutakoan, iazko eta aurtengo parte hartzaileek euren lanak aurkeztuko dituzte Sormonak Festan.
Izen ematea hilaren 23ra arte izango da zabalik (labur.eus/GjQVm). Urretxuarrek eta Urretxu zein Zumarragako ikastetxeetan ikasten duten nerabeek parte hartu ahalko dute, taldean edota bakarka. Izen ematean bakoitzak bere proiektua zehaztu beharko du, eta aurkezten diren proiektuen araberako adituak eta baliabideak eskainiko zaizkie.
Sari banaketa ekitaldia urtarrilaren 16an izango da. Prozesuan parte hartu duten adituek lanik berezienak hautatuko dituzte lau kategoriatan: banaka, lan original bereziena; taldeka, lan original bereziena; bakarka, lan eratorri bereziena; taldeka, lan eratorri bereziena. Guztiek 200 euroko saria jasoko dute.