
Astelehenean Urolaren historiako garaipen gogoangarrienetako baten 40. urteurrena izan zen. 1984-1985 denboraldian Urolak Primera Regional bezala ezagutzen zen mailan jokatu zuen, aurreko denboraldian maila galdu ondoren. Denboraldia bigarren postuan amaitu zuen, Beasain taldearen atzetik. Urolaren atzetik Antiguo, Zuzenbidea eta Kilimon taldeak sailkatu ziren. Beasain zuzenean igo zen eta bigarren sailkatuak ere Regional Preferente mailara igotzeko aukera zuen, baina horretarako Arabako bigarren onenari nagusitu behar zitzaion. Joaneko partida Argixaon jokatu zen eta Urolak 2 eta 1 irabazi zion Lantaron taldeari. Itzulerako partida 1985eko maiatzaren 5ean jokatu zen, Lantaronen. Urretxu eta Zumarragatik zaletu asko joan ziren. Zaletuen babesak bultzatuta, Urolak 3 eta 6 irabazi zuen.
Entrenatzailea Delfin Moreno Delfos zen eta primeran gogoratzen ditu Lantaronen aurka jokatutako bi partidak. “Joaneko partidan Argixao ureztatu egin genuen, Arabako taldeak gu baino teknikoagoak baitziren. Alde handiagoarekin irabaztea merezi izan genuen, baina gol bakarreko aldea lortu genuen. Inork ez zuen Lantaron ezagutzen, baina herriko jende asko joan zen itzulerako partida ikustera. Arabarrek kanporaketa iraultzea lortu zuten: atsedenaldian 3 eta 1 galtzen ari ginen. Zelaira amorratuta itzuli ginen eta bigarren zatian primeran jokatu genuen. Ruizek batez ere: hiru gol sartu zituen. Urolan jokatu ondoren, Alaves taldearekin fitxatu zuen”.