
Aurten ere Gipuzkoan Gazte Tour jaialdiaz gozatu ahal izango da Zumarragan. Gaur (ostirala) dantza ikastaroa emango dute eta bihar (larunbata) kontzertua izango da. Parte hartzaileen artean Kraken 270 (Josu Mendizabal) zumarragarra izango da.
Lehen ekitaldia gaur izango da, 19:00etan, Gure-Txoko gizarte etxean (Euskadi plazan). Laura Ruiz Damak dantza urbano ikastaroa emango du. Artista horrek musikari ezagunekin lan egin du, besteak beste, Lola Indigorekin eta Luis Fonsirekin, eta gaur egun, JC Reyesen taldeko kidea da.
Kontzertua
Bihar, 19:00etan, kontzertua egingo dute Izazpi auzoko kantxa estalian. Kraken 270 zumarragarra izango da abesten lehena. Rap abeslari honek 2020an hasi zuen bere ibilbidea, 15 urterekin. Hainbat aldiz lan egin du herriko Ghetto Skillz kolektiboarekin eta hainbat abesti ditu Youtuben. Ilusio handia egiten dio bihar herrian abesteak. Izazpi auzotik oso gertu bizi da, gainera. Leturiatarren plazan, hain zuzen ere.
Kraken 270en ondoren, XSakarak (Xabier Gutierrez bermeotarra) abestuko du. Gutierrezek bi lan argitaratu ditu dagoeneko (Ilargiaren Semea 1619 eta Ilargiaren Semea 2024) eta gazteen artean ezagun egin da. Zuzeneko indartsu eta zirikatzailea du.
Ondoren, Anixek abestuko du. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abesten du eta kultur ezberdinak uztartzen ditu. Euskarazko musika urbanoa egiten duten emakumezkoen artean aitzindaria da.
Bukatzeko, DJ Trotik Izazpi auzoan elkartzen direnak dantzan jarriko ditu. Donostiar honek 300.000 erreprodukzio baino gehiago ditu Spotifyn. Donostian, Bilbon, Zarautzen, Zumaian, Lasarten eta Durangon jo du eta Donostiako diskoteka bat girotzen du.
Beasainen ere bai
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoan Gazte Tour egitasmoko hurrengo jaialdia Tolosan izango da, maiatzaren 24an. Udazkenean eta neguan beste lau jaialdi egingo dituzte: Beasainen, Astigarragan, Errenterian eta Aian. Udazken-neguko kontzertuek ez dute datarik oraindik.