Bere bigarren eleberria, ‘Katona’, onirikoa, fantastikoa eta magikoa da
Antxiñe Mendizabal idazle zumarragarrak bere bigarren eleberria idatzi du: Katona. Lehenengoa, Odolekoak, «errealista eta kostunbrista» izan bazen, oraingoa «onirikoa, fantastikoa eta magikoa» da.
Donostiako eta Bilboko aurkezpenen ondoren, atzo Urretxun aurkeztu zuen. «Odolekoak liburuko estiloak ez ninduen betetzen eta beste estilo baten bila hasi nintzen. Azkenaldian irakurri ditudan liburuek eta ikusi ditudan antzezlanek inspiratu nautela uste dut. Mundua beste era batera azaltzeko modu horrek erakartzen ninduen: errealismotik harago. Modu fikzionatu horiek nik iritsi nahi nuen tokietara iristen zirela iruditu zitzaidan. Egia handiagoetara».
Ez zaio asko kostatu estiloa topatzea. «Guztiok bi edo hiru pertsona gara. Ageriko emakume horretaz gain (lagunartean ibiltzen dena, familiakoa, lanekoa, funtzionala…), ikusezina den emakume bat dago. Batzuetan azpimunduan bizi da, linboan, airean, hegan ateratzen da… Ipuinetako emakumea. Ez naiz idazlea, editorea, ama… Naiz, besterik gabe. Azken urteetan oso erraz joaten naiz toki horietara eta hortik idatzi nahi izan dut. Horregatik, liburu hau onirikoa, fantastikoa, eta surrealista samarra da, sinboloz betea dago… Eleberri batean gertatzen den ipuina da».
Hiru adiera
Katona bahitu zuten neskatila baten istorioa da. Umea jaio orduko, Txerren deabrua hartaz jabetu zen eta idazle arimaz hornitu zuen. Hurrena izena kendu zion, ordea, eta harekin batera izana. Txerrenek ez zion utzi beste inor maitatu ahal izaten, ezta maitasunaz idazten ere. Nobela guztian zehar, heroiek bezala, hamaika proba pasa behar ditu bere helburuak lortzeko. Bidaia horretan laguntzaileak (aingeru guardakoa, sorginak…) eta etsaiak (Txerren) ditu. «Abentura mordoa daude. Maitasun eta desobedientzia istorioa da. Deabruari aurre egin beharra dio. Deabrua denok daramagun etsaia, araua edo patua da».
Katona hitzak garrantzi handia du. «Hitz hori deskubrimendu bat izan da niretzat. Hiru adiera topatu dizkiot. Alde batetik, Dona dona katona, sutondoan aitona… haurtzaroko kantua dago. Haurtzarora eramaten gaituen kantu bat da. Bestalde, amak eskolara katonarekin joaten zirela esan zidan. Saturnino Calleja mende hasierako idazleak El catón liburua sortu zuen haurrei irakurtzen eta idazten irakasteko eta hemengo haurrek izenburua euskaratu egin zuten. Horretaz gain, Resurreccion Maria Azkueren hiztegian hildakoak janzteko izarari katona deitzen zitzaiola ikusi nuen. Hitzaren azken arrastoa Ezkion jaso zuten, gainera. Nire arbasoen lekuan. Hitz honek badu zerbait, esan nuen. Haurtzaroa, idazketa eta heriotza biltzen ditu. Eta hiru elementu horiek oso presente daude liburuan».
Liburuan euskal mitologiak ere presentzia handia du. «Mundu oniriko hori sortzeko euskal iruditeriak edo kosmologiak eman dizkigun elementuez baliatu naiz: sinismenak, mitoak, erlijioa, usadioak, legeak, dantzak… Euskararen munduan dago errotuta».
Eleberria ondo bukatzen da, maitagarrien ipuinen antzera. «Bizitza baten metafora ameslaria da. Ezagutzen nautenek nire buruaz egin dudan ipuina dela ikusiko dute. Nitaz asko dago, noski. Baita gure inguruetaz ere. Errealismoari toki gutxi eman diot, baina toki batzuk ondo ezagutzen dira: ikastola, ikastolako eliza, Antio, Sorginzulo, trenbidea, geltokiko kantina…», amaitu zuen.
