Hitzaldiak eta ikastaroa antolatu dituzte, haur eta nerabeen ongizate digitala eta gurasotasun positiboa sustatzeko
Urretxuko eta Zumarragako udalek Heziz Hazi programa abiarazi dute, haur eta nerabeen ongizate digitala eta gurasotasun positiboa sustatzeko. Hiru ekitaldi egingo dituzte, Zumarragako kultur etxean.
Maiatzaren 14an pantailen eraginari buruzko hitzaldia egingo dute. Mirene Beriain pediatra eta Maitane Laskurain optometrista pantailek haurtzaroan ikusmenean eta ahozkotasunean duten eraginaz arituko dira. Hitzaldi hori Altxa Buruak taldeak proposatu du.
Maiatzaren 21erako beste hitzaldi bat antolatu dute. Bigarren hitzaldi hori haurren garapenari buruzkoa izango da. Arauak eta mugak lantzea da helburua. Hitzaldia Alvaro Beñaranek egingo du. Beñaran Europako psikomotrizitate eskolen erakundeko presidentea eta Luzaro psikomotrizitate eskolako kidea da.
Lehen sorospenak
Maiatzaren 28an eta ekainaren 4an, berriz, lehen sorospen ikastaro bat emango dute, 0-6 urte bitarteko haurren gurasoentzako. Helburua familiei eguneroko egoeren aurrean segurtasuna eta tresnak ematea da. Ikastaro horretan parte hartu nahi dutenek labur.eus/UZSOROSPEN-era jo behar dute. 40 lagunentzako tokia dago.
Bai hitzaldiak eta bi ikastaroa, 18:00etan hasiko dira. Informazio zehatzagoa nahi dutenek, udalen webgune eta sare sozialetara jo dezakete. Baita Gazteria sailekin harremanetan jarri ere.
Heziz Hazi programa atzo aurkeztu zuten, Zumarragako udaletxean. Ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Iñaki Mendiluze Zumarragako Gazteria zinegotziak parte hartu zuten. Egitasmoaren helburua familiei laguntzea eta komunitatea sendotzea dela aipatu zuten. Azaroan haurren eta nerabeen ongizatearekin lotutako konpromisoa sinatu zuten eta Zeos programa garatu dute (LH6ko haurrei eta gurasoei zuzendua), ikastetxeekin elkarlanean.
