Urretxuko eta Zumarragako udalek 2026ko udaleku irekiak aurkeztu dituzte. Aurtengo berrikuntza nagusia 10:00etatik 14:00etara izango direla da: egunero orain arte baino ordu bat beranduago amaituko dira, gurasoek eskatuta. Udaleku irekiak uztailaren 6tik 22ra izango dira, astelehenetik ostiralera. Topalekua izena emandako familiei jakinaraziko zaie.
HH5 eta LH5 bitarteko ikasleek parte har dezakete, bi mailak barne. 310 haurrentzako tokia dago. Plazak izen-emate ordenaren arabera esleituko dira. Izena emateko epea maiatzaren 11n irekiko da eta epea maiatzaren 29an amaituko da.
Bi udalen webguneetan eman ahal izango da izena, baina ezinbestekoa izango da ondoren kultur etxeetako batera joatea formalizatzera. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxera 15:00etatik 17:30era joan ahal izango da eta Urretxuko Aizpurunean kultur etxera 17:30etik 20:00etara. Izena emateko orria bete eta Osakidetzako txartelaren fotokopia bat entregatu beharko da.
Parte hartze kuota 47 eurokoa da. Familiek iaz baino
11 euro gehiago ordainduko dute, baina egunero ordu bat gehiago izango dute. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun diren familiek ez dute ordaindu beharrik izango.
Aurkezpena
Udaleku irekiak atzo aurkeztu zituzten. Ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Iñaki Mendiluze Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten. Udalekuen helburua haurrek beraien denbora librea modu hezitzailean, balioz beteta eta euskaraz gozatzea da. «Udaleku irekiek kontziliazioa ahalbidetzen dute eta ikastetxe ezberdinetako haurren arteko hartu-emana sustatzen dute. Herria egiten laguntzen dute. Gainera, gazte askori lana ematen diete», esan zuen Mendiluzek.
Luqui ados azaldu zen. «Komunitatea egiten dute, gurasoei laguntzen diete, adin ezberdinetako haurren arteko harremana sustatzen dute, 20 bat gazteri lana ematen diete…».
