Zumarragako Udalak, Gizarte Zerbitzuen sailaren bidez eta udal artxiboaren laguntzarekin, Mendizabal auzoan bi bisita gidatu antolatu ditu Tau Taupadak programaren barruan. Helburua herritarrei auzoaren historia eta bilakaera soziala gerturatzea da, 1930etik gaur egunera arte. Ekimena maiatzaren 20an eta irailaren 27an egingo da, eta inguruko hirigintza eta giza iragana zabaltzeaz gain, memoria kolektiboaren bidez auzokideen arteko lotura eta parte-hartze komunitarioa indartu nahi ditu.
Bisiten hasiera Izazpiko estalitako kantxan izango da. Bertan, argazki historikoekin osatutako ikus-entzunezko aurkezpen labur bat eskainiko da, auzoak ia mende batean izan dituen aldaketak testuinguruan kokatzeko. Ondoren, ibilbidea hainbat gune esanguratsutatik igaroko da: Elgarrestamendi, Ipar Haizea, Argixao, El Salvador parrokia, Leturia plaza eta Antonino Oraa, besteak beste.
Igarki Busca udal artxibozaina izango da gidari. “Auzoko txoko bakoitzak badu zer kontatzeko. Bizi garen lekuen historia ezagutzen dugunean, hobeto ulertzen dugu nor garen komunitate gisa”, adierazi du Buscak.
Bestalde, Arantxa Gonzalez Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak ekimenaren balio soziala azpimarratu du. “Ez dugu nahi historia artxiboetan edo argazki zaharretan gordeta geratzea. Kalera ateratzea nahi dugu, partekatzea, eta belaunaldien zein auzokideen arteko loturak sendotzeko baliagarria izatea”.
Maiatzaren 20ko bisita 18:00etan izango da eta irailaren 27koaren ordutegia ez da zehaztu oraindik. Interesa duten pertsonek online eman ahal izango dute izena labur.eus/Taubizi helbidearen bidez edo aurrez aurre El Salvador Gizarte Etxean, astelehen eta ostegunetan 11:00etatik 12:30era.
