Goierri eta Donostia lotzen dituen GO07 autobusak 365.200 bidaiari izan ditu bere lehen urtean, 1.000 eguneko. Gazteek erabiltzen duten gehien: erabiltzaileen %35a 26 urtetik beherakoa da.
Bidaien %46,9 Donostiatik abiatuta egin dira. Beasaindik abiatuta 74.095 bidaia egin dira (%20,3), Zumarragatik 55.944 (%15,3), Ordiziatik 43.249 (%11,8), Tolosatik 14.137 (%3,9) eta Legazpitik 6.581 (%1,8).
Zerbitzua iazko apirilaren 28an jarri zen martxan. Maiatzean 12.254 bidaia egin ziren, uztailean 22.801 eta abuztuan 32.388. Irailean lehenengoz 40.000 bidaia baino gehiago egin ziren eta errekorra urrian lortu zen: 41.081. Ordutik, hilero 35.000 bidaia baino gehiago egiten dira (Gabonetan eta Aste Santuan ez ezik). Arrakasta dela eta, errefortzuak jarri behar izan dira. 2.012 guztira. Urrian 310 jarri ziren, martxoan 266 eta otsailean 258.
Datu hauek guztiak Azahara Dominguez diputatuak eman zituen, atzo Zumarragan egindako prentsaurrekoan. Dominguezek autobusak «arrakasta itzela» izan duela esan zuen. «Goierri Donostiarekin errepidez lotuko zuen garraio publikoa beharrezkoa zela ikusi da. GO07rekin bizilagunen eskaera historikoari erantzuna eman diogu. Errepide bidezko garraio publiko jasangarri, eroso eta eskuragarria dute azkenean. Beraien beharrei erantzuten diena eta ehunka lagunen egunerokoa errazten duena».
Autobusari esker, N-1 errepidean auto gutxiago dabiltzala gehitu zuen. «Garraio publikoaren aldeko apustua egiten dugunean, gipuzkoarrek erantzun egiten dute. Hori dela eta, autobusaren erabilera sustatzen jarraitu behar dugu».
Mikel Serrano Zumarragako alkateak ere prentsaurrekoan parte hartu zuen. «Aldundiari eskerrak eman nahi dizkiot, beste behin Gipuzkoa barnealdeko eskaerak aintzat hartu dituelako. Datuek zerbitzu hau aspaldi jarri behar zela erakutsi dute, baina egungo kudeatzaileek egin dute. Linea berriak ikasleen eta langileen beharra ase du». lAZ
