Munduko Txapelketan parte hartuko duten pilotariak aukeratzeko balioko duen torneoa, Urretxun eta Zumarragan
Euskadiko Pilota Federakuntzak eta Ampo enpresak Euskal Herritik mundura Ampo txapelketa aurkeztu dute. Txapelketa berria Euskal Pilota Selekzioaren prestaketa prozesuaren barruan kokatu dute, urrian Argentinan (Hego Amerika) jokatuko den Munduko Txapelketari begira. Asteburu honetan Urretxun partidak jokatuko dira eta eskuzko finalak Zumarragan izango dira ekainaren 7an.
Txapelketaren helburu nagusiak bi direla azpimarratu dute aurkezpenean: «Batetik, hautzatzaileei pilotariak benetako lehiaketa testuinguruan ikusteko eta baloratzeko aukera ematea; eta bestetik, Euskal Pilota Selekzioa herriz herri ikusgarri egin eta herritarrengana gerturatzea».
Txapelketa zazpi espezialitate ezberdinetan jokatuko da: larruzko paleta, pala motza, eskuz banaka gizonezkoak frontoi osoan, eskuz binaka gizonezkoak, eskuz banaka emakumezkoak lau t’erdian, zesta punta banaka gizonezkoak 36 metroko frontoian eta zesta punta banaka emakumezkoak 36 metroko frontoian.
Lehiaketa gaur (ostirala) hasiko da eta ekainaren 7an amaituko da. Ekainaren 6an, erremintako finalak jokatuko dituzte Sopelan (Bizkaia) eta ekainaren 7an, eskuzko modalitateetako finalak Zumarragan eta zesta puntako finalak Burgelun (Araba). Bitartean, txapelketa Euskal Herriko hainbat udalerritan barrena garatuko da eta Goierrin hainbat geldialdi egingo ditu: Ordizian, Olaberrian, Beasainen, Urretxun, Idiazabalen, Seguran eta Lazkaon. Guztira, 30 jaialdi inguru antolatuko dituzte, «txapelketaren izaera ibiltaria eta lurralde mailako zabalkundea bermatzeko».
Idiazabalen eta Urretxun jokatuko dituzte igandean (11:30) txapelketa honen baitako Goierriko lehenengo kanporaketak modalitate ezberdinetan. Idiazabalen Igarondo pilotalekuan, eskuz banakako emakumezkoen lau t’erdiko kanporaketan Arrizabalaga Agirreren aurka arituko da A taldean eta Gaminde, Ruiz de Infanteren aurka B taldean. Gizonezkoen eskuz binakako kanporaketa Azketa-Garmendia eta Hormaetxe-Balderdiren artean jokatuko da.
Urretxuko Ederrenan jokatuko dira, bestalde, Alday eta Bergararen (A taldea) eta Erasun eta Etxegarairen (B taldea) arteko partidak eskuz banakako emakumezkoen lau t’erdiko modalitatean. Gizonezkoen eskuz binakako kanporaketan, Labaka-Bernaola eta Egiguren-Elorz bikoteak arituko dira lehian.
Datozen asteetan jokatuko dira Goierriko hurrengo kanporaketak: maiatzaren 16an, Seguran eta Ordizian; maiatzaren 23an, Lazkaon eta Olaberrian eta azkenik, maiatzaren 31n Beasainen.
