Mikel Serrano Zumarragako alkateak Urolako geltoki zaharreko obra bisitatu du. Obra aurreikusitako epeen barruan egiten ari dira. Balio historiko eta sinboliko handia duen eraikina berreskuratuko dute, “gaur egungo gizarte eta komunitate beharrizanei egokituz”. Proiektuak, gainera, “Udalaren apustu estrategikoa islatzen du tokiko ondare historikoa zaindu eta herritarren zerbitzura dagoen espazio erabilgarri eta hurbil bihurtzeko”.
Urolako geltoki zaharraren birgaitzeak erabilera sozial eta komunitario desberdinak hartuko dituen eraikina sortzea ahalbidetuko du. Besteak beste, erabilera anitzeko areto bat egokituko da bilerak eta jarduera sozialak egiteko. “Bertan izango du egoitza Emakumeen Etxeak eta, aldi berean, Geltokietako auzoko jai batzordeak bilerak egiteko eta bere jarduera koordinatzeko espazioa izango du, inguruko dinamizazio sozialarekin jarraitzeko aukera emanez”.
Eraikinak familia elkargunea eta ZU Mugituz zerbitzua ere hartuko ditu. Azken hori Zumarragako Udalak bultzatutako doako orientazio kiroleko zerbitzua da, herritarren artean bizi ohitura osasungarriak sustatzeko eta sedentarismoari aurre egiteko, pertsona bakoitzari egokitutako aholkularitza eskainiz. Bestalde, udaleko ongizate emozionalarekin eta arreta sozialarekin lotutako hainbat zerbitzu ere bertan eskainiko dira.
“
Zumarragako Urolako geltokia berreskuratzeko eta lursailaren barruko urbanizazioa egiteko exekuzio proiektuak 1.761.458,76 euroko aurrekontua du. Eusko Jaurlaritzak 1.400.000 euroko dirulaguntza emango du, eta gainontzeko inbertsioa Zumarragako Udalak hartuko du bere gain.
