Maitzaren 30ean hasiko da eta finalak uztailaren 1ean jokatuko dira
Atzo (ostirala) Zumarragako Kirolzale Herri Olinpiaden bigarren ekitaldia aurkeztu zen Zelai Arizti aretoan. Parte hartzaile kopurua asko igo da eta aurten bi liga izango dira: mistoa eta neskena.
Iaz 187 pertsonek parte hartu bazuten, aurten 309 dira izena emandakoak. Epea amaitu baino bost egun lehenago plaza guztiak bete ziren. Iaz 16 talde lehiatu baziren, aurten 25 izango dira parte hartuko dutenak.
Bigarren ekitaldi hau berrikuntza handi batekin dator. “Emakumeek euren txapelketa propioa izango dute. Iaz ezarritako konpentsazio neurriak ez ziren nahikoak izan emakumeen parte hartzea antolakuntzak nahi zuen bezalakoa izateko. Hori dela eta, aurten neskek euren txapelketa propioa izango dute eta mutilen torneoan talde mistoak ere onartuko dira, dagozkien konpentsazio neurriekin. Neurri honekin, aurten uztailaren 1ean Zumarragako plazan jokatuko den finalean emakumeek iaz izan ez zuten protagonismo eta ikusgarritasuna ziurtaturik izango dute”.
Beste berritasun nagusia finaleko probetan egongo da, aurten Iota enpresa arduratuko baita probak zehaztu eta antolatzeaz. Antolakuntzak, dagokion garaian, emango ditu jakitera. Iaz bezala, olinpiada auzolanean antolatu da. Beloki Kirol Elkartearen, Goierri Kirol Elkartearen saskibaloi, boleibol eta areto futbol sailen, Adrian Ausinen (igeriketa) eta Argixao Atleten Klubaren laguntza ezinbestekoa izan da.
Iaz bezala, Kirolzale Herri Olinpiadak taldeka lehiatuko den txapelketa herrikoi bat da. Bigarren edizio honetan 25 izan dira esperientzia hau bizitzera animatu diren kuadrillak: 20 gizonezkoen txapelketan eta bost emakumezkoenean. Talde garaileek Zumarragako dendetan gastatzeko 1.000 euroko saria jasoko dute eta ekimen hau babesten duten laguntzaileei esker beste hamaika sari ere banatuko dira parte hartzaileen artean.
Talde bakoitzak ekimen honetan parte hartu nahi izan duen babesle baten izena eramango du.
Horra hor aurten parte hartuko duten taldeak.
Mistoak: EMTF – Informa Energia, EARKI GATXIK – Ventanas Leihoetxe, AH – Ferretería Iribe, LKR – Urzubi taberna, EURRE – Galilea taberna, APV – Ferretería Igartua, COMANDO – Iburreta taberna, BANDIDOS ALIOLI – Zuzen Zerbitzu Grafikoak, LK – M&M Garbiketak, EA7 – Ata Harategia, PITXUGANG – Sin Perdón, RMF – Aitube Berri, BPG – Carnicería Atlas, CAMEL FC – Ventanas Goierri, ANTICORRUPTOS – Garbiketak Zumarraga, KMPL – Bidezar Taberna, EMAN EURRE – Lucas Taberna, L.Y. – Aldapa Street Food, RESISTENCIA – La Kuadrilla eta K.Z – Etxarre.
Emakumezkoenak: JUSJUS – IOTA, LBDK – Bitartean Elkartea, OLINPI-HADAK – Osane Zaintza eta Mugimendua, LMIX – Talleres Loidi eta ZERO ZERO – Oleta Berri.
Kirolzale Herri Olinpiadak hiru fase desberdinetan banatuta egingo dira, lehen fasea, finalerdiak eta finala. Lehen fasea maiatzaren 30etik ekainaren 21a bitartean jokatuko da, larunbat eta igandetan. Bertan taldeak bost kirol desberdinetan lehiatuko dira: areto futbola, frontenisa, saskibaloia, boleibola eta igeriketa.
Finalerdiak ekainaren 27an jokatuko dira eta finalean egon nahi duten taldeek zenbait atletismo probetan lehiatu beharko dute. Argixao Atleten Klubak prestatutako atletismo jaialdi honetako sei talde onenek (hiru neskenak eta hiru mutilenak) uztailaren 1ean Zumarragako jaiei hasiera emango dioten finaletarako sailkatuko dira.

