Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu duten ikastetxeek klima aldaketaren eta horren ondorioen inguruan egindako lanketaren emaitzak aurkeztuko dituzte
Goierri garaiko Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu duten ikastetxeek klima aldaketaren eta horren ondorioen inguruan egindako lanketaren emaitzak aurkeztuko dituzte Klima Tour azokan. Kontzientziazioa handitzea eta babesleku klimatikoen garrantzia ezagutaraztea da helburua.
Iaz egindako diagnostikoan herritarrek babesleku klimatikoei buruzko informazio handiagoa behar zutela ondorioztatu zuten. Hori dela eta, ikastetxeek hainbat jarduera garatu dituzte, garapen agentziaren koordinazioarekin eta udalen laguntzarekin.
Lehen hitzordua asteazkenean izango da, Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan, 10:30etik 12:00etara. Bertan, bi herrietako ikastetxeetako ordezkariek beraien lanak eta ondorioak aurkeztuko dituzte. Bigarren saioa ostiralean egingo da Legazpiko Plazaola kalean, 10:30etik 12:00era, Legazpiko ikastetxeetako ikasleen parte hartzearekin.
Azokak herritarren parte-hartzea sustatzeko hainbat elementu izango ditu. Horien artean, Itzalkideak: aterki zuriak eramango dituzten laguntzaileak, herritarrak azokara hurbildu eta informazioa jasotzera gonbidatuko dituztenak. Gainera, galdetegi labur bat erantzuten dutenek sari bat jasotzeko aukera izango dute, bero boladen aurrean ondo hidratatu ahal izateko. Ikasleen lanekin batera, bisitariek Klima aldaketa eta egokitzapena erakusketa ikusi ahal izango dute
