Larunbateko jaialdia bertan aurkeztu zuten eta pisaketa ere tabernan egingo dute
Hertzainak taldeak Rock-and-roll batzokian abesten zuen eta Joseba Iturbek boxeoa tabernan kanta sortu du: Farias, pattar eta karta joko taberna zen Galilea taberna kirolaren eta rockaren tenplu bilakatu du. Herriko kirolarien argazkiak eta kluben banderak jarri ditu eta rock kontzertuak antolatzeari ekin dio. Kirol guztiei egin die tokia, baina boxeoak txoko berezia lortu du. Izan ere, Galilea Eraztunbox herriko klubaren egoitza bilakatu da. Hala, bertan aurkeztu dute larunbatean egingo duten jaialdia. Eta pisaketa ere bertan egingo dute.
Pisaketa 18:00etan egingo dute eta 20:00etan jaialdia hasiko da. Bederatzi konbate egingo dituzte, Beloki pilotalekuan. Konbate nagusian Erlantz Tejada profesional bizkaitarrak parte hartuko du. Ekaitz Jaunarena eta Gabriel Moreno zumarragarrek eta Xuban de Lera ordiziarrak ere parte hartuko dute. Sarrerak Galilea, Aitube Berri eta Urzubi tabernetan jarri dituzte salgai. Kanpotik datozenek La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan aparkatu ahal izango dituzte autoak.
Aurkezpena asteartean egin zuten. Tejadak, Morenok eta Jaunarenak, Mikel Serrano alkateak, Eraztunboxeko Aitor Abelek eta Euskoboxeko Roberto Coronak eta Jose Luis Zelaiak parte hartu zuten.
Serranok Abel eta Iturbe egiten ari diren lana goraipatu zuen. Larunbatekoa Zumarragan egingo den bigarren boxeo jaialdia izango dela gogoratu zuen. Lehenengoa otsailean izan zen. «Boxeoak ez du ospe ona, baina balioak ditu. Gazte asko integratzen laguntzen du. Aitor Abel oso lan ona egiten ari da. Gazteei kirola egiteko aukera ematen ari zaie eta kalean entrenatzen ikusten ditugu. Euskoboxi ere eskerrak eman nahi dizkiot, beraiei esker izango baitugu boxeo jaialdia».

