Joxe Mari Iparragirre institutuko 4.DBHko ikasleek Gerrako Umeak. Ezer ez delako amaitzen antzezlana egin dute, Euskal Herriko beste hainbat institututako ikasleekin elkarlanean. Barakaldon, Durangon, Gasteizen, Donostian eta Gernikan emanaldiak egin dituzte. Gernikako emanaldian, gerrako umeak izandako herritarrak omendu zituzten, gainera.
Ikuskizunaren arrakasta ikusirik, Iparragirre institutuko ikasleek Urretxun ere antzerki saioa egitea erabaki dute. Horretarako, beste ikastetxeekin landutakoa moldatu dute, formatu laburragoan eskaintzeko. Emanaldia ekainaren 11n izango da, 10:30ean, Labeaga aretoan. Saio irekia izango da eta sarrera doakoa.
Egitasmoaren ardatza 1936ko gerra pairatu zuten haurren testigantzak dira. Intxorta elkartearen ekimena izan da: gerra garaian ume ziren hainbat euskal herritarren testigantzak bildu eta antzerki, dantza eta musikaren bitartez taula gainera eraman dituzte. Gainera, gaurkotasuneko gaiekin lotu dituzte.
Gerren ondorioak haurren bizipenetatik ezagutzea, memoria historikoa lantzea eta enpatia, giza eskubideak eta bakearen balioak sustatzea izan dira helburu nagusiak.

