Urretxu-Zumarraga ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek elkartasun proiektua garatu dute Katxalinekin
Oihalezko bihotzak, ipuin ilustratua eta orri-markatzaileak egin dituzte bularreko minbizia dutenentzat
Urretxu-Zumarraga ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek proiektu bat garatu dute Katxalin elkartearekin, bularrezko minbizia dutenei laguntzeko. Hasteko, bularreko minbiziari buruzko hitzaldi batean parte hartu zuten eta galderak egiteko aukera izan zuten. Ondoren, oihalezko bihotzak josi zituzten, giltzatakoetan jartzeko. Horretaz gain, ipuin ilustratu bat egin zuten irakasleen laguntzarekin. Bertan, minbizia zer den azaltzen dute. Orri-markatzaileak ere egin dituzte. Bertan, gaixoei animatzeko mezuak idatzi dituzte. Orri-markatzaileak Katxalineko emakumeek egindako bihotz formako kuxinekin entregatu dituzte Donostiako ospitalean. Ikasleek egindako gainontzeko lanak ere bertan entregatu dituzte, gaixoentzat. Katxalinek eskerrak eman nahi dizkie ikasleei eta irakasleei, beraien konpromiso, sentsibilitate eta elkartasunagatik.

