Garai batean Las Vegasen baina karta partida gogorragoak jokatzen ziren Zumarragako Galilea tabernan. Iaz itxi egin zen eta aurten Joseba Iturbek berrireki du. Galileak ez dio Las Vegas txiki bat izateari utzi, ordea: karta partidek boxeoari pasa diote lekukoa.
Izan ere, Galilea Eraztunbox herriko klubaren egoitza bilakatu da. Hala, bertan aurkeztu zuten gaur egingo duten jaialdia. Eta pisaketa ere bertan egin dute. Pisaketa 18:00etan egin dute. Jende asko gerturatu da. Amaieran, ATA harategiak emandako saski bat oparitu dute boxeolarien artean. 20:00etan boxeo jaialdia hasiko da. Bederatzi konbate egingo dituzte, Beloki pilotalekuan. Konbate nagusian Erlantz Tejada profesional bizkaitarrak parte hartuko du. Ekaitz Jaunarena eta Gabriel Moreno zumarragarrek eta Xuban de Lera ordiziarrak ere parte hartuko dute. Sarrerak Galilea, Aitube Berri eta Urzubi tabernetan jarri dituzte salgai. Kanpotik datozenek La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan aparkatu ahal izango dituzte autoak.

