Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek sexilioari buruzko Xerka hitzaldia emango dute ostegunean, 18:00etan, Urretxuko Pagoeta gune soziokulturalean. Solasaldiarekin batera, egun berean, argazki erakusketa egongo da ikusgai toki berean bertan. Sexilioa deitzen zaio sexu orientazioa edo genero identitatea dela eta jasandako zapalkuntzarengatik, euren familia eta gizarte ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBIQ+ pertsonen migrazio behartuari.
Hitzaldian hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi esperientziak ezagutaraziko dituzte. Helburua mezu positibo bat transmititzea da: euskal landa eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz.
Xerka Martxel Larrazak 2023an ondutako fotokazetaritza proiektua da, urtebete beranduago komunikazioko GRALen III. BERRIA sariketan saritu zutena. Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa proposatzen dute argazkiek, gatazkatsua bezain harmoniatsua izan daitekeen harremanaren inguruan.
