Iparragirre institutuko ikasleek ‘Gerrako umeak’ berriro antzeztuko dute eta garai ilun hura pairatu zutenak omenduko dituzte
Ekainaren 11n Iparragirre institutuko ikasleek Gerrako umeak. Ezer ez da betiko ikuskizuna eskaini zuten Labeaga aretoan. Emaitza eta harrera ikusirik, eta hainbat herritarren proposamenari jarraiki, bigarren emankizun bat programatu da. Datorren astelehenean izango da, ekainaren 22an, 19:00etan. Bigarren ikustaldi hau ere Labeaga Aretoan izango da. Sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte.
Herritar guztientzat pentsatutako ikuskizuna da baina, gaia zein den kontuan izanda, 1936ko gerra eta ondorengo urteak bizi zituzten herritar horiengan jarri nahi da fokua. Ikuskizun hau aprobetxatu nahi da Urretxu eta Zumarragan garai ilun horiek pairatu zituzten bizilagunak omentzeko. Horiei guztiei gonbidapen berezia helarazi nahi die Iparragirre institutuak, gainontzeko herritar guztiekin batera, emanaldira bertaratu daitezen.
1936ko Gerra Zibilaren garaian ume ziren hainbat euskal herritarren testigantzak bildu eta antzerki, dantza eta musikaren bitartez taula gainera eraman ditu Intxorta Elkarteak sustatutako ekimenak, gaurkotasuneko gaiekin etengabeko lotura eginez. Gerren ondorioak haurren bizipenetatik ezagutzea, memoria historikoa lantzea eta enpatia, giza eskubideak eta bakearen balioak sustatzea izan dira helburu nagusiak.
Jatorrian, Euskal Herriko beste hainbat institututako ikasleekin elkarlanean ondutako emanaldia dago, Barakaldo, Durango, Gasteiz, Donostia eta Gernikako antzokiak bete zituena. Ikuskizunen arrakasta ikusirik, ikasleek beste ikastetxe batzuekin landutakoa Urretxuko Labeaga aretoan eskaintzeko moldatu zuten.
Gernikako emanaldiaren kasuan, gerrako umeak izandako herritarrak omentzeko tartea ere hartu zen. Oraingoan, Urretxun eta Zumarragako gerrako umeei egin nahi zaie aitortza.
