Zumarragako Udalak 60 euroko erosketa bonuak oparituko dizkie 2011tik 2020ra jaiotako haur eta nerabeen gurasoei
Zumarragako Udalak ZuEKIN Eskolara ekimenaren edizio berri bat aurkeztu du. Aurten, kanpainak Zumarragan erroldatutako 880 haur eta neraberi egingo die mesede, eta helburu bikoitza du: eskolara itzultzeko beharrezkoak diren produktuak eskuratzen laguntzea eta inbertsio hori herriko dendetan egitea.
Edizio honetan, 60 euroko erosketa bonuak zuzenean posta arruntez bidaliko zaizkie 2011 eta 2020 urteen artean jaiotakoen familiei (beti ere, 2026ko maiatzaren 1a baino lehen Zumarragan erroldatuta badaude). Bonuak 2026ko uztailaren 1etik urriaren 31ra bitartean erabili ahal izango dira kanpainari atxikitako establezimenduetan.
Aurtengo edizioan honako establezimendu hauek hartuko dute parte: Mentxu y Yone, Legazpi liburu-denda, Loramendi Kirolak, Urki liburu-denda, Apalategi kirolak, Roayer, Oskarbi oinetakoak, Onena Ehun eta Javier Arratibel optika.
Udalak familiei zein merkatariei dei egiten die programa hau bere egiten jarrai dezaten. “Tokiko merkataritzan egiten den erosketa bakoitzak onura partekatua sortzen du: etxeko ekonomiari arnasa ematen dio, jarduera ekonomikoa sostengatzen du, enplegua mantentzen laguntzen du eta udalerriaren bizitasuna indartzen du”.
Udalak 50.000 euro bideratuko ditu aurten kanpaina horretara. 2018an martxan jarri zenetik, ZuEKIN Eskolarak ia 400.000 euro bideratu ditu tokiko merkataritzara.
Inbertsioaren ia %90 eskola materiala eta kirol materiala erostera bideratzen da. Sektoreka, gastuaren %49,8 kirol arloan egiten da eta %39,9 liburu-dendetan.
