Urola Garaia mankomunitateak klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko urratsak ematen jarraitzen du. Testuinguru horretan, Guardasola Garaia: beroari itzala, herritarrei babesa kanpaina jarri du martxan. Ekimen horren helburua herritarrak bero boladen aurrean kontzientziatzea eta klima babesguneen sarea ezagutaraztea da. Eskualdeko hainbat gune ia 800 guardasolekin estaliko dira, Agenda 2030aren eta Urola Garaiko klima babesguneen koloreak erabiliz. Instalazioek ikusgarritasun eta erakargarritasun handia izango dute, baina mezu argi bat ere helaraziko dute: beroaren aurrean babestea guztion ardura da, eta mankomunitatea herritarrentzat espazio seguruagoak, freskoagoak eta egokiagoak eskaintzeko lanean ari da. Guardasolak pixkanaka agertuko dira eskualdeko lau udalerrietan, kokapen zehatzak aurrez jakinarazi gabe, sorpresa efektua mantentzeko helburuarekin. Zumarragan dagoeneko jarri dituzte eta Urretxun ere jartzeari ekin diote. Lehenengoak kultur etxearen ondoko parkean jarri dituzte.

