Amaia Iturriotz urretxuarrak Tolosan jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako kanporaketan abestuko du bihar (igandea). Saioa Usabal kiroldegian izango da, 17:00etan. Ateak, berriz, 16:00etan irekiko dira. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke. Bestela, bihar bertan leihatila 15:30ean zabalduko da. Iturriotzekin batera Aitor Servierrek, Eli Pagolak, Julio Sotok, Oihana Bartrak eta Unai Mendiburuk abestuko dute.
Txapelketa Hazparnen abiatu zen eta Nafarroa Arenan jantziko diote txapela irabazleari. Hamabost saio izango dira guztira. Lehen fasean zazpi saio izango dira, bakoitza lurralde batean: Hazparne (iralak 19), Altsasu (irailak 26), Lekeitio (irailak 27), Donapaleu (urriak 3), Tolosa (urriak 4), Gotaine-Irabarne (urriak 10) eta Agurain (urriak 11). Fase horretan, 42 bertsolarik kantatuko dute.
Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasako da hurrengo fasera eta puntu gehien batzen dituztenekin osatuko da finalaurrekoetara igaroko den taldea. Lehen fasetik finalaurrekoetara 17 bertsolari sailkatuko dira eta horiei 2022ko sei finalista gehituko zaizkie: Amets Arzallus, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal. Finalaurrekoak bi itzulitara izango dira. Lehenengo itzulian lau saio izango dira: Larraun-Lekunberri (urriak 24), Eibar (urriak 31), Gernika-Lumo (azaroak 7) eta Miarritze (azaroak 14). Bigarren itzulian, berriz, hiru saio izango dira: Donostian, azaroaren 21an; Gasteizen, azaroaren 28an eta Bilbon, abenduaren 5ean.
Nafarroa Arenako finalean, abenduaren 20an, Maialen Lujanbio txapelduna eta finalaurrekoetako zazpi zazpi onenak arituko dira.
