Noiz hasi zinen kirola egiten, Mikel?
Mikel: Gazte-gaztetan ez nintzen batere kirolaria. 20 urte pasatxo nituela egin nuen lehen aldiz Behobia-Donostia, baina oraindik parrandazalea kirolaria baino gehiago naizela esango nuke.
Korrikan bakarrik aritzen al zara?
Mikel: Denetik egiten dut: korrika apur bat egiten dut, baina poteak hartzera ere joaten naiz. Ez dut urte osoa korrika ematen, baina Iñaki Beitiaren omenezko martxa ere urtero egiten dut eta horretarako ere mendira joan beharra dago.
Zenbait Behobia-Donostia egin dituzu?
Mikel: Korrikan hasi aurretik Donostiako lehen maratoian eman nuen izena eta lorik egin gabe joan nintzen. Apustu modukoa zen eta 25 kilometro besterik ez nituen egin. Osterantzean Behobia 11 edo 12 aldiz egin dut, Gasteizko maratoi erdia lau bat aldiz egin dut, Azkoitia-Azpeitia hiru bat aldiz…
Zenbat maratoi egin dituzu?
Mikel: Hiru, guztiak Donostian. Azkena duela bospasei urte egin nuen. Oraingo honetan hiru lagunek New Yorkera joateko asmoa genuen, baina, oso garestia ateratzen zela eta, atzera egin genuen. Azkenean Sevillara joatea erabaki dugu, baina nik bakarrik parte hartuko dut maratoian. Oporretara joango gara: ostiralean atera eta aste bete emango dugu bertan. Maratoia aitzakia hutsa da. Dena den, New Yorkeko maratoia egitea sekulakoa izango da.
Santi: Londonekoa ere sekulakoa da, baina oso zaila da izena ematea.
Mikel: New Yorkeko maratoian izena ematea 33.000 pezeta kostatzen da eta egun horietan bidaia askoz ere garestiagoa da.
Santi: Bidaia agentziek dorsal piloa erosten dituzte eta gero bidaiak antolatzen dituzte.
Markaren bat hobetzeko helburuarekin joango al zara Sevillara?
Mikel: Bukatzea gustatuko litzaidake, baina lehengoan 21 kilometro egin eta kokoteraino bukatu nuen.
Santi: Ondo asko dakizu lasterketa eta entrenamenduak ez direla gauza bera… Lasterketan animatu egiten zara.
Mikel: Bai, baina orain arte egindako hiru maratoietan oso gaizki pasatu dut. Dena den, beti hobera egin dut: lehen maratoia 3 ordu eta 56 minututan egin nuen, bigarrena 3 ordu eta 41 minututan eta hirugarrena 3 ordu eta 39 minututan.
Santi: Zuk baino askoz ere gehiago entrenatzen duen jendeari asko kostatzen zaie maratoia denbora horretan egitea.
Mikel: Buru aldetik oso gogorra izan behar da maratoia bukatzeko.
Santi: Entrenatzeaz gain, gauzak oso argi izan behar dira. Lasai joan behar da eta denbora pasatzen utzi. Zein erritmotan korrika egin behar den jakitea oso garrantzitsua da, baina eliteko atletek ere batzuetan huts egiten dute…
Dena den, Mikel, kirola ez da obsesioa zuretzat.
Santi: Mikelek poteak hartzen ditu, egun batean entrenatzerik ez badu ez da larritzen… Korrika egitera joaten denean gozatu egiten du eta kito.
Mikel: Dena den, entrenatu gabe ez dago zereginik. Azken aste hauetan behartuta joan naiz korrika egitera, maratoirako egun gutxi falta zirelako.
Jendeak ez al du gehiegi estutzen bere burua, Santi?
Santi: Atletei gozatzen ez badute ez direla ondo egiten ari esaten diet.
Mikel: Nik ez dut sekula gozatzen… gelditzen naizenean bakarrik!
Santi: Gozatuko ez bazenu, ez zenuke korrika egingo!
Mikel: Badakizu zer duen ona? Orain lehen baino askoz ere gutxiago sofritzen dudala. Lehengoan, ajea apur batekin, 14 kilometro egin nituen.
Santi: Bukatzen duzunean gustura sentitzen bazara, hori gozatzea da. Zuk 14 kilometro egitearekin nahikoa duzu; beste zenbaitzuek, berriz, euren buruari egunero gehiegi eskatzen diote. Urretxu eta Zumarragan korrika egiten duten ia guztiak, egun batean korrika egiterik ez badute edo nahi zutena baino polikiago joan badira haserratu egiten dira. Guztiok ditugu egun onak eta txarrak eta hori ulertzen eta gozatzen jakin behar da. Presiopean joatea txarra da.
Mikel: Nik ere neure burua estutzen dut eta urtetik urtera Behobia-Donostian hobetzea gustukoa dut!
Santi: Baina ez duzu ez erlojurik ez pultsometrorik eramaten… Pultsometroa edukitzearen aldekoa naiz, baina ez egunero erabiltzearen aldekoa. Egunero pultsometroari eta kronometroari begiratuz, ezin da gozatu.
Mikel, garai bateko kirolariengandik egungoengandik baino hurbilago zaudela dirudi.
Mikel: Gu Behobia-Donostia inguruan hasitakoak gara: koadrilako hiru korrika egitera joaten gara eta gainontzeko guztiak bazkaltzera bakarrik. Baina Behobia-Donostia egiteko entrenatu beharra dago, gero Gasteizkoa egiten hasi ginen, Azkoitiakoa… Dena den, maratoia Behobia baino askoz ere serioagoa da. Luzeraz bikoitza da, baina gogortasunez…
Santi: Gogortasunez laukoitza izango da. Maratoi erdia edonork egin dezake apur bat entrenatuta, baina maratoia egiteko sakrifikatu beharra dago.
Ondo entrenatzea garrantzitsua izango da, baina zehatz-mehatz eraman behar al dira kontu horiek?
Santi: Aipatu bezala, gauzak lasai hartu behar dira. Atleta guztiei denetik jateko esaten diet. Barazkiez hitz egiten hasten direnean, babarrunak ere jateko esaten diet. Denetik janda ere, dena erretzen da. Izan ere, jende gehienak lana eta kirola uztartzen ditu.
Mikel: Behin Cangas de Onisera joan nintzen bizikletan ibiltzera eta ni izan nintzen xerra jaten bakarra: gainontzekoek pasta bakarrik jan zuten. Dena den, oraingo honetan tranpa txiki bat egin dut: odol emailea naiz, baina asteartean ez nuen odolik eman bada-ezpada ere.
Lasterketa askotan parte hartu duzu, ba al duzu beste erronkarik?
Mikel: Gustura egingo nuke New Yorkeko maratoia, baina 46 urte ditut eta belaunak nahiko izorratuta ditut jada. Urte berean Sevilla, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako maratoiak egitea ere sekulakoa izango litzateke!
Santi: Urte berean? A zer nolako erronka! Aupa Mikel! Lasai joanez gero, egiteko modukoa da.
Mikel: Erritmoa markatzen nahiko ona naiz, erritmo bakarra baitut. Behobia ordu eta erdi azpitik egitea ere gustatuko litzaidake. Baina horretarako lasterka joan beharra dut.
Santi: Zuk maratoia eta maratoi erdia erritmo berean egiten dituzu.
Zer diote ingurukoek, Mikel?
Mikel: Korrika egitea ez zaidala komeni esaten didate eta, beharbada, arrazoia izango dute. 80 kiloko pisua dut eta hori gehiegi da belaunentzat. Gainera, ez naiz gehiegi zaintzen.
Santi: Azkenaldian pisua galdu duzula esango nuke.
Mikel: Bai, baina pote dezente hartzen ditut, lagunekin afaltzera joaten naiz…
Santi: Hori ez da utzi behar! Gainera zapatilak izugarri hobetu dira eta belaunek lehen baino askoz ere gutxiago sofritzen dute.
Bukatzeko, Mikel, zer da zuretzat atletismoa?
Mikel: Nire lagun batek esaten zuen moduan, "ezer egin gabe 70 kiloko pisua izango banu, ez nuke sekula praka motzik jarriko". Dena den, gustura joaten naiz korrika egitera. Denbora asko eskatzen ez duen kirola da eta, gainera, aire librean egiten da. Okerrena non korrika egin ez dagoela da: Legazpirantz joatea arriskutsua da, bidegorrian jende asko ibil tzen da… Gainera, maratoia prestatzeko serio hartu beharra dago. Elurra egin zueneko igande arratsaldean autoan Mugitegira joan nintzen, erdi ezkutuan, korrika egitera. Edonork ikusita ere… Behobia egiteko ez dago horrela ibili beharrik. Gainera, jendearen animua lagungarria izaten da eta, bestalde, hainbeste jenderen artean gelditzeak lotsa ematen du.