Eusko Jaurlaritzak Zumarragako geriatriko zaharrean egin behar duen eraikina atzo atera zen lehiaketa publikora. Eraikinak alokairu publikoko 24 etxebizitza izango ditu, lau solairutan (sei etxebizitza solairu bakoitzean). Bi atari egongo dira. 20 etxebizitza logela batekoak izango dira eta lau bi logelakoak. 24 autorentzako garajea ere egingo dute. Baita udalaren esku utziko duten 475 metro koadroko lokal bat ere.
Geriatriko zaharreko etxeak errenta txikia dutenentzat izango dira. Soldataren %30 ordainduko dute gehienez alokairuaren truke. Helburua gazteen emantzipazioa ahalbidetzea da. Bost urte biziko dira bertan, gehienez.
Obra aurten hasiko da eta 22 hilabete iraungo du. Aurrekontua ia 5 milioi eurokoa da. Gainera, ingurua urbanizatuko da eta irisgarritasuna hobetuko da (beste 1,2 milioi euro). Udalak lursaila utzi dio jaurlaritzari.
