
Atzo martxoko azoka ospatu zuten Urretxun. Aspalditik burutzen da azoka hori Urretxun, garai berrietara egokitzean aldaketak sartu dizkioten arren, maiztasunean kasu. Atzokoan, eguerdi partetik animaliak Gernikako Arbola plazan izan ziren ikusgai.
Plazara hurbildu zirenek lau baserritarren idi gazteak ikusteko aukera izan zuten: Sagaspeko Elias Zalduarenak, Gurrutxagaazpikoa baserriko Xabier Zalduarenak, Ipeñarrietako Asier Izagirrerenak eta Izuzkitzako Karlos Mujikarenak.
Ondoren, 17:00etan, fruta landareen zozketa egin zuten, besteak beste sagarrondoak, udareak edota intxaurrak banatuz.
Idi proba
Idi probak ere egin ziren Urretxun. Gurrutxazpiko Xabier Zaldua eta Izukitzako Karlos Mujika aritu ziren lehian, 18:00etan hasi zuten proba, Gazteleku ondoko idien probalekuan.
Idiek herriko harri historikoa eraman zuten tiraka: 1.340 kiloko Harri beltza . Urretxuko Udaleko Nekazaritza batzordeko kidea den Anjel Erratzuk ondo asko ezagutzen ditu harri honen nondik norakoak. Beain baserriko Jose Anjel Lizarragak eta Ertsolegiko Gregorio Arangurenek aurkitu zuten, Irimo mendian larrean ari zirela. Hori 1983 inguruan gertatu zen eta ordutik harri hori erabiltzen da, aurkitu zuten moduan.
- Idiak, Martxoko Feriako protagonistak. (Noticias de Gipuzkoa)
- Idi gazteak eta baserritarrak batu ditu martxoko azokak. (Goierriko Hitza)