Gaur eguerdian balkoiak, leihoak eta baserri sarrerak lorez apaintzen dituzten bizilagunak saritu dituzte Urretxuko udaletxean. Urteroko moduan, kaleko balkoi eta leihoen atalean hamar sari banatu dira (bost Urretxun eta bost Zumarragan) eta baserrien atalean sei sari (hiru Urretxun eta hiru Zumarragan). 50 euroko dirusaria, diploma eta landare bat jaso du saritu bakoitzak.
Kaleko balkoi eta leihoen atalean, Urretxuko sarituak Josu Arregi (Areizaga, 16-2.D), Karmele Otaegi eta Sebastian Landa (Iparragirre, 33-1.), Arantxa Askasibar (Jauregi, 18-3. eskuina), Marijose Intxausti (Labeaga, 5-3.C) eta Gema Jaka eta Antonio Alberdi (Labeaga, 39-3.D) dira.
Zumarragako sarituak, berriz, Lourdes Idiakez (Secundino Esnaola, 5-3.F), Ana Maria Zaldua (Iparragirre hiribidea, 7-1.), Irene Bernabe (Jai Alai, 11-1.C), Maria Jesus Zabalo (San Gregorio, 23-4.) eta Carlos Gonzalez eta Mercedes Carrera (Joxe Migel Barandiaran, 8-A) dira.
Baserriei dagokienez, Urretxuko sarituak Marisabel Lizarazu (Beain baserria), Mila Aranburu (Beain baserria) eta Cristina Sasieta (Agerre baserria) dira. Zumarragako sarituak, berriz, Mariajesus Laka (Salsamendi baserria), Blanca Epelde (Zumakorta baserria) eta Lourdes Etxaniz eta Fermin Goenaga (Landaburu baserria) dira.
Lehiaketako beteranoetako bat Maria Jesus Zabalo da. 85 urte ditu eta behin baino gehiagotan saritu dute. Betidanik gustatzen zaio lore mundua eta bere zaletasuna bere seme-alabei pasa die. Hala, sari banaketara Migel semearekin eta Arantxa alabarekin joan zen. Egun, loreak jartzeko orduan beraien laguntza du. Ondoren, bera arduratzen da zaintzeaz. Jaikitzen denean egiten duen lehen gauza balkoira joatea da, loreak nola dauden ikusteko. «Denborapasa polita da, eta esker onekoa», esan zuen.

