Urteroko moduan, azaroaren 10arekin, Oroimenaren Eguna egin dute gaur Zumarragan. Ohi bezala, indarkeriaren biktimak gogoratu dituzte Klara Larrañaga parkean. Ekitaldian Zumarragako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideek parte hartu dute (PSE-EE, EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin-Zumarraga), Iñaki Mendiluzeren eta Isidro Etxanizen senitartekoekin batera. Lore eskaintza egin dute eta ondoren minutu bateko isilunea.
Amaieran, Mikel Serrano alkateak hitza hartu du. “2010ean egin genuen lehenengoz ekitaldi hau. Urtero egin dugu, Zumarragan hildakoak gogoratzeko eta Euskal Herrian gertatu dena berriro gerta ez dadin. Oroituz, ikasteko eta elkarbizitza sustatzeko. 1978an Jose Mari Perez polizia hil zuten, bere lanera zihoanean. 1980ean Ramon Ledo hil zuten, Bergarako bere tailerrean. 1988an Isidro Etxanizek Ataunen bizitza galdu zuen, errepidean jarritako barrikada bategatik. 1995ean Iñaki Mendiluze hil zuten, Itsasondon. 2000. urtean, Manuel Indiano, Zumarragako zinegotzia, herritarrek hautatua. Biktimak oroitzeko eta familiei elkartasuna adierazteko unea da. Gure gizartea beraiekin zorretan egongo da beti. Toki hau topaleku da, belaunaldi berriek zer gertatu den jakiteko eta etorkizuna guztion artean bakean eraikitzeko. ETA desagertu egin zen eta Zumarragako gizartea maila ematen ari da”.