Andoni Salamero olerkari zumarragarrak, Aitor Furundarena akordeoilari ordiziarrak eta Andoni Egaña bertsolariak Gabriel Aresti poetari buruzko Arestian, egun…! ikuskizuna egingo dute hilaren 18an Donostiako Poetika literatur topaketetan. Emanaldia 19:00etan izango da, Santa Teresa komentuko KMK aretoan (Elbira Zipitria, 1).
Ikuskizun horren helburua arestiren irudia herritarrei gerturatzea da. Salamerok proiektu “eraldatzailea” dela dio. “Helburua ez da Arestiren poemak irakurtzea bakarrik. Ezta bertsoak hala nola musikarekin uztartzea ere. Hori baino gehiago bilatzen dugu emanaldi honekin: Arestik bizi izan zuen garai zail hura bere olerkiez adierazteaz gain, bera hunkiarazi zuten gaiak (euskara, justizia, kultura, egia, klase sozialen bereizketa…) egun bizi dugun egoerarekin konparatu nahi ditugu”.
Oskorrik eta beste hainbat sortzailek musikatutako poemak erabili dituzte. Horretaz gain, Furundarenak garai hartako doinuak egungoekin nahastu ditu.
Emanaldia lau alditan banatua dago: 1936, 1955, 1975 eta 2025etik aurrera. Sortzaile bakoitza Aresti berrinterpretatzen saiatuko da, bertsoen, musikaren eta olerkien dramatizazioaren bitartez. “Bere olerkiez baliatuz, Arestiren arima gogora ekartzeaz gain, egungo ikusmiratik hurbilduko dugu. Arestiri ukatu zitzaion aintzatespena eta balioari garrantzia emango diogu. Aresti aitzindari izan zen eta nonahi eztabaida eta gogoeta eragin zuen. Guk ere egungo euskaldunon gogoan hausnarketa hori sortarazi nahi dugu. Egungo euskaldunok eragile lanetan jarduteko ditugun ahalmen eta talentuak azalarazi nahi ditugu. Bakoitzak duen berezitasunetik arituz ,norberak bere bikaintasuna berdintasunean oinarritutako gizarte baten mesederako erabiltzeko”.
Arestik bezala, poesia erreminta baliotsua dela uste dute. “Sentiberatasuna ardatz eta oinarri dugularik, sormenean horren ezinbesteko ditugun dohainak aintzat hartuz, Arestiren olerkietan haren gogoa eta bihotza taupaka dagoela antzematen dugun bezala, ikuskera berezi eta atsegin horren mezulari izateko pronto izateaz gain, poesia mailu dela aitortzen dugu, Arestik bezala, eta gizakion baitako sentimenduak zizelkatzeko prest gaude”, amaitu du Salamerok.