Fermin Goenagak (Zumarraga, 1957) Alvaro Bermejo eta Joseba Urretabizkaiaren ‘Etnobotanika’ liburuan parte hartu du. Bihar, 19:00etan, Zumarragako kultur etxean aurkeztuko dute.
Nondik nora ibili zara?
Ez nuen ikasi nahi eta 13 urterekin Santa Lutziko gasolindegian kotxeak garbitzen hasi nintzen. Ondoren, Ezkiotarra tabernan lan egin nuen. Nagusiak maritxua deitu zidan eskumuturreko bat neramalako, ez zitzaidan gustatu eta alde egin nuen. Donostiara joan nintzen. Chofre erretegian lan egin nuen. 1974an Suitzara joan nintzen, arrebak lan egiten zuen hotelera. Gurasoek eraman ninduten Hendaiara. Frantsesez zipitzik ere ez nekien. Hiztegi batekin joan nintzen. A ze sorpresa hartu zuen nire arrebak ikusi ninduenean! Ondoren, Italia, Ingalaterra eta Frantziako jatetxe askotan ere lan egin nuen. Aita gaixo zegoen eta 21 urterekin itzuli egin nintzen. Soldadutzatik itzuli nintzenean Zelai Arizti taberna hartu nuen eta Berit taberna ere eduki nuen. Andres Goenaga osabarekin obretan lan egin dut eta Juanjo anaiarekin garraiolari bezala. Frantsesez eta italieraz hitz egiten dut eta bulgarieraz eta portugesez ere moldatzen naiz.
Ez zara geldirik egotekoa.
Italian limoncelloa egiten ikasi nuen eta hemen onddo likorea egin nuen. Sekulako arrakasta izan zuen. Komunikabide asko etorri ziren elkarrizketa eske. Pomadak ere egiten ditut.
Nolatan sendabelar zaletasuna?
Eitzan jaio nintzen eta Matxainera joaten ginen belarrak biltzera. Aita zena belarmin zalea zen, tentsioarentzat ona baita. Hala, niri ere belarrak eta loreak gustatu zaizkit beti.
Norekin ikasi zenuen?
Beste batzuei kafea, cognaca eta futbola gustatzen zaizkie. Niri, loreak. Liburu asko erosi nituen loreak ezberdintzen ikasteko. Naturak, gaitz bat sendatzeko, toki bakoitzean belar bat ematen digula konturatu nintzen. Toki bakoitzean berea dutela, alegia. Bestalde, baserrietako emakume askok ez diete jakintza beraien ondorengoei transmititzen eta ez dut jakintza hori galtzea nahi.
Horretarako, liburua idatzi duzu eta ikastaroak ematen dituzu.
Nahi duen guztiari irakasteko prest nago. Ikastaroak mendian ematen ditut, ez gela batean. Donostian, Lasarten eta Zumarragan eman ditut ikastaroak. Erakusketak egin ditut eta liburua ere argitaratu nuen. Caja Laboraleko Arantxa Olaizolari eskerrak eman nahi dizkiot, beti niri laguntzeko prest azaldu baita. Biharko aurkezpenean parte hartuko du. Eta Segura Irratian aritu nintzen, Jose Angel Igarzabalen saioan.
Alvaro Bermejok eta Joseba Urretabizkaiak bihar, 19:00etan hasita, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean aurkeztuko duten liburuan parte hartu duzu.
Altzon bazkaltzen ari ginela, Urretabizkaia gerturatu zitzaigun eta argazki bat atera nahi zidala esan zidan, baserritar aurpegia dudalako. Loreen argazkiak ateratzea proposatu nion, etxean 500 baino gehiago baititugu. Sendabelarrak nahiago zituela esan zidan eta horiek ere baditugula esan nion. Baserrira etorri zirenean, txundituta gelditu ziren. Liburuan garai guztiez hitz egin dute eta egungora iritsi direnean ni sartu naute. Hiru urte eman ditugu lanean.
Aldaketa klimatikoaren eragina nabaritzen ari al zara?
Lehen aberastasun handiagoa zegoen, dudarik gabe. Batzuk lehenago irteten dira, baina lehenago hiltzen dira. Askotan, onenera iritsi gabe. Aurten, etxe aurrean, urrian edo azaroan, gereziondoa loratzen ikusi dut. Tulipak irteten ari dira. Edozein egunetan izotza etorriko da eta pikutara joango dira.
Jendeak bere osasuna zaintzen al du?
Geroz eta gehiago. Askotan medikua izango banintz bezala zuzentzen dira niregana. Ez naiz medikua. Hasteko, diagnostikoa eduki behar da. Harriak dituzula esaten badidazu, Lepidium Latifolium gomendatuko dizut. Behin erizain bat etorri zitzaidan bere paziente batek erabili zuen pomada baten eske.