Urretxuko +65 Foroak, Oihana Merino Aniztasun eta Bizikidetza teknikariaren eskutik, zurrumurru arrazisten aurkako hitzaldia antolatu du hilaren 23rako. Hitzaldiaren izenburua Zurrumurru arrazisten kontrako hitzaldia: Aurreiritziak desmuntatuz eta bizikidetza eraikiz da. Ekitaldia 17:00etan izango da, Aizpuruenea kultur etxean.
+65 Foroa, 65 urtetik gorako pertsonen ordezkaritza organoa da eta haien ongizatea lortzeko politika eta jardueren plangintza, exekuzioa eta jarraipena ditu helburu. Sentitzen diren iritzi, behar eta hausnarketak mahai gainean jartzeko espazioa da foroa: zure herrian nola zahartu nahi duzun hausnartu, eztabaidatu eta erabakitzeko aukera bat da.
Hitzaldiaren helburua gizarte kritikoago, informatuago eta tratu berdintasunarekin konprometituago bat sustatzea da, bertaratutakoei baliabideak emanez gorroto eta desinformazio diskurtsoak igarri eta horien aurrean jarduteko. “Gure gizartean dirauten diskriminazioa, bazterketa eta desberdintasuna sortzen duten zurrumurru eta estereotipo arrazistak identifikatu, zalantzan jarri eta desegiteko diseinatuta dago hitzaldia; elkarrizketa ireki eta parte hartzaile baten bidez”, azaldu du Merinok.
Sarrera doakoa izango da. Informazio gehiago nahi izanez gero, edo zalantzak argitzeko, interesdunek 693 900 568 telefonora edo gizarte@urretxu.eus helbidera jo dezakete.
