Urretxu-Zumarraga 1 taldea animatzera joan nahi dutenek, autobusa doan izango dute
Urretxu-Zumarraga 1 taldeak Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko du hilaren 30ean (larunbata), Aian. Bertsozale Elkarteak egun osoko egitaraua antolatu du: 12:00etan bertso poteoa, 14:00etan bazkaria eta 18:00etan saioa. Bazkarirako eta saiorako sarrerak bertsosarrerak.eus-en jarri dituzte salgai.
Urretxu eta Zumarragako bertso eskolak autobusa antolatu dugu, bi herrietako udalen laguntzarekin. Autobusa 11:00etan aterako da Urretxutik, eta saioaren ostean, 21:30ak aldera, itzuliko da Aiatik. Autobusa doan izango da eta herritar guztiak ongi etorriak izango dira. Datorren asteartea (hilak 26) baino lehen eman behar da izena. Horretarako, bertso eskolako kideekin harremanetan behar da, instagramen @martxoanbertsoa bidez edo zubertsotan2023@gmail.com-era idatzita.
