DBH4ko ikasleek ‘Baditun 2’ lana antzeztuko dute gaur: Patxo Telleria eta Mikel Martinezen ‘Ez dok hiru’ lanean oinarritua dago
Patxo Telleria eta Mikel Martinezen Ez dok hiru antzezlanak arrakasta handia izan zuen. Euskal musikaren historiaren errepasoa egin zuten, umoretik. La Salle-Legazpiko DBH4ko ikasleek urtero antzezlan bat egiten dute eta aurten Ez dok hiruren moldaketa egin dute: Baditun 2 izena eman diote eta euskal kantak ikastetxeko istorioekin lotu dituzte. Gaur antzeztuko dute, Zelai Arizti aretoan.
La Salle-Legazpiko ikasleek 25 bat urte daramatzate antzezlanak taularatzen. Ia hasieratik Xabier Aranbururen eskutik. Aurten, Mikel Escuderoren laguntza izan du. Hautazko ikasgai bat da. Astero bi ordu eskaintzen dizkiote. Sekulako arrakasta du. Aurten, DBH4ko 43 ikasleek eman dute izena. «Ilusioa egiten digu antzerkian parte hartzeak», aipatu dute Irene Izquierdo eta Adai Davila ikasleek.
Gabonetarako 1, 2, 3, txiruliru antzezlana prestatu zuten eta Gabonetatik aurrera Baditun 2. «Ez dok hiru antzezlanaren remake bat egingo dugu, gure erara. Eskolako eta gure eguneroko bizitzako kontuak txertatu ditugu, irakasle askoren izenak ageri dira… Aurreko urteetan musikalak egin dira, baina aurtengoa ez da musikala».
Bestalde, euskararen presentzia inoiz baino handiagoa izango da. «Euskara hutsean izango da ia. Kanpotik etorri eta oraindik euskaraz ikasi ez duten ikasleei gidoia gazteleraz idatzi diegu. Baina %99an euskaraz da. Aurrekoetan euskaraz eta gazteleraz egin da», azaldu dute Aranburuk eta Escuderok.
Ez da musikal bat, baina musikak presentzia handia du. Izan ere, antzezlanaren ardatza euskal musika da. Ikasleek abestiak dantzatuko dituzte. Baita abesti batzuk abestu ere. Publikoak ere parte hartzea nahi dute. Pintto-pintto; Do, re, mi; 564; Ardo gorri naparra; Mari Andresan korotza; Izarren hautsa… abestuko dituzte, besteak beste. Belaunaldi ezberdinetakoek abestu dituzten kantak, alegia.
Telleriaren eta Martinezen antzezlanean bi aktore bakarrik zeuden eta beste honetan askoz ere gehiago dira. Guztien parte hartzea bermatzeko, antzezlaneko bi pertsonaien rola (Mikele eta Patxi) txandaka beteko dute. Eszena bakoitzean bi aktore ezberdinek beteko dute antzezlaneko pertsonaien rola. Aktore bakoitzak bost bat minutu ditu.
Escuderok teknikarien lana azpimarratu du. «Bi ikasle teknikari lanetan arituko dira: argiteria, musika…», dio. «Gaur egungo gazte batzuk oso trebeak dira alor horietan», gehitu du Aranburuk.
Antzezlanaren moldaketa Aranburuk egin du. «Obra nik hautatu nuen, oraindik ez bainekien Mikelen laguntza izango nuela. Udan hasi nintzen, baina lanik handiena Gabonetako oporretan egin nuen. Gidoi originala gure errealitatera eta beharretara egokitu nuen. Ikasleek 16 urte dituzte, Zumarraga-Urretxun bizi gara eta ez Bilbon… Bestalde, originalean ez dira etorkinak ageri, adibidez. Eta aktoreek ez dute dantzarik egiten», azaldu du.
Gaiak
Guztiak oso gustura ari dira lan egiten. «Zuzendaritzak eskatu zidalako ari naiz, baina oso gustura nago. Aurtengo antzezlana asko gustatzen zait. Euskal musika gazteei gerturatzeko balio du. Euskal musikaz baliatuta, gai ezberdinak landu ditugu. Euskal musikan gai guztiak landu direla konturatzeko balio izan digu. Ikusleak ere horretaz jabetuko dira», aipatu du Escuderok. Telleriari eta Martinezi eskerrak eman nahi dizkiete, egindako lan bikainagatik.
La Salle-Legazpiko DBH4ko ikasleek hiru saio egingo dituzte. Goizean bi egingo dituzte: bat Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat eta bestea DBHko ikasleentzat. Arratsaldeko saioa senitartekoentzat eta lagunentzat izango da.
