Bide lapurrak, Petit de Meurville eta Iparragirre (012. alea)
Urretxu eta Zumarraga, joan den mendean zer ate ziren jakiteko, hona hiru zubi, berri berriak ez izanda ere, aipagarri ditugunak. Batetik, nabarmentzekoa dugu Koldo Argandoña Urretxuko udal artxibozainaren lana. “Gipuzkoa duela 200 urte” liburuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1993an argitaratutakoan, “Urretxu duela 200 urte: bidelapurren kontakizunak” lan atsegina irakur dezakegu. Argandoñak, 1791tik 1833 bitartean Urretxu inguruko bidelapurrek egiten zutena kontatzen digu. Hona hemen berak bidelapurrei buruz dioena: “normalean, fusil nahiz eskopetaz armaturiko hiruzpalau gizon agertzen ziren arren, kasu batzuetan Euskal Herriko makilaz baliatzen ziren gaizkileak ere suertatu izan ziren. Su armak zeramatzaten kideen atzetik geratzen ziren makiladunak, normalean bigarren mailan. Edonola ere, aurpegia zikinduta zeramaten, ezagutu ez zitzaten, eta hemengo janzkera erabili ohi zuten”.
Lapurrak nongoak ziren jakitea ez da erraza. Pasaporterik gabe atxilotutako susmagarriak hartuz gero, ia den-denak Gipuzkoatik kanpokoak omen ziren. Lekukoen aitortzak kontuan izan ez, aldiz, zenbaitetan euskaldunak omen ziren lapurrak. Lapurrek bazekiten, jakin, zeini ezarri hatzaparra gainean; dirua edo bitxiak izan zitzaketenei hain zuzen. “Militarrak ziren gehienbat, hala nola, teniente koronel baten alarguna, edo lehen sarjentua, esate baterako”.
Postakotxeak (mala deituak) ziren gehien sufritzen zutenetakoak. Deskarga inguruan bereziki, kotxentzako Errege Bidea bertan zegoenez, leku ezin hobea baitzen, menditsua, harrapakina urrutitik ikusteko moduko lekua eta gainera ihes bide ugari eskaintzen zuena, Elosu, Aizkorri edota Oria aldera. Zamariek ere jasan behar izan zituzten gaizkile hauen espantuak, asko eta asko nafarrak, ardoa salduta atzera beren herrietara zihoazenak.
Hogeita hamar orrialdetan zehar, garai hartako hainbat pasadizo kontatzen dizkigu Koldo atseginak, euskaraz eta gazteleraz.
Didier Petit de Meurville.
XIX. mendera inguratzeko bigarren zubiak François Petit de Meurville (1793- 1873) frantziar pintore eta diplomatikoaren izena darama. Urretxu eta Zumarragari buruzko bi margolan (gouacheak) egin zituen 1857-1873 bitartean, Gipuzkoan zehar ibili zen garaian. “Villarreal de Zumárraga” (Urretxu- Zumarragatik ikusita) eta “Estación de Ferrocarril. Zumárraga” izenekoak dira Javier Satrustegiren bilduman gure herriei buruz azaltzen diren bi lanak.
Jose Mari Iparragirre.
Hirugarren zubiaren izenak badu entzuterik gure artean. Joan berri zaigun urtean 173 urte bete dira Jose Mari Iparragirre (1820- 1881) jaio zela. Hori gogoan harturik ez letorke gaizki abeslari urretxuarraren ibili eta lanei arretaz erreparatzea. Angel Cruz Jakaren “Iparragirre” lana egoki izan daiteke xede horretarako. Azkenik, zorionak bihotzez Gontzal Mendibil eta Zeanuritarrei “Iparragirre Hegalaria” saio bikainagatik.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide