Urretxuko Udalak azokako arropa postuak Iparragirre plazara eraman ditu. Iparragirreren kanta ezagunenetako bat da 'Trapu zaharrak', eta berriz ere, trapuek inguratu dute abeslariaren estatua.
Aurten Joxe Mari Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena bete da. Urretxuko Udalak ekitaldi sorta antolatu du ospatzeko. Zorioneko koronabirusak batzuk bertan behera uztera behartu du, baina gehienak ospatu egin ahal izan dira. Hori gutxi ez balitz, udalak beste opari bat ere egin dio Iparragirreri: ostegunetako azokako arropa, zapata eta osagarri postuak Gernikako Arbola plazatik bere izena daraman plazara eraman ditu. Bere estatua dagoen plazara, alegia. Trapu zaharrei abestu zien abeslariak trapu berriak ditu bere aurrean ostegunero.
Urretxuko Udalak koronabirusari aurre egiteko hartu du erabaki hau: segurtasun distantziak errespetatu ahal izateko. Baina azokako arropa, zapata eta osagarri saltzaileak ez daude gustura kokapen berriarekin.
Saltzaileen iritzia
Victor Manuel Martinez irundarrak urtebete baino apur bat gehiago darama Urretxura etortzen. Denbora horretan hiru toki ezagutu ditu: Gernikako Arbola plaza, lizeoko patioa eta Iparragirre plaza. «Nik elizako arkupean jartzen dut postua. Beraz, estalpea dut. Alde horretatik gustura nago. Baina jende gehiago etortzea gustatuko litzaidake. Hona etorri aurretik lizeoan egon ginen eta bertan jende gehiago ibiltzen zen. Izan ere, Zumarragako plaza inguruan ibiltzen den jendea ere etortzen zen. Gernikako Arbola plaza ere ondo dago, Eroskik eta fruta saltzaileek jende asko erakartzen baitute. Dena den, nire ustez, toki onena lizeoa da».
Bere ondoko zapata saltzaileari ere, Jose iruindarrari, ez zaio Iparragirre plaza gustatzen. 12 urte daramatza ostegunero Urretxura etortzen. «Iparragirre plaza oso toki txarra da. Oso jende gutxi hurbiltzen da. Niri gehien gustatzen zaidan tokia Gernikako Arbola plaza da. Eroskiren eta fruta saltzaileen ondoan egotea komeni zaigu. Jendea Eroskira joaten da eta, bide batez,arropa, zapata eta osagarri postuetara gerturatzen da. Ea egoerak hobera egiten duen eta betiko tokira itzultzeko aukera dugun». Trapu berri saltzaileek ez dute Iparragirre maite. Iparragirre Alegiako traperoarekin itzuli beharko al da?
Oraingoz, ez. Izan ere, koronabirusaren aurkako borroka ez da amaitu oraindik. Gainera, udala alde zaharra biziberritzeko lan egiten ari da eta merkatua Iparragirre plazan egitea horretarako ona dela uste du. Hori dela eta, kokapen berria erakargarriago egiten saiatu behar da.