Urretxuko Udalak txakurren kaka jaso eta txiza garbitu egin behar dela gogoratzeko kartelak jarri ditu

Urretxuko Udalak txakurren kaka jaso eta txiza garbitu egin behar dela gogoratzeko kanpaina jarri du martxan, auzoetako bileretan bizilagunek eskatuta. Faroletan kartelak jarri ditu. Horretaz gain, arkupeetan txiza egitea debekatzen duten pegatinak jarri ditu. Txakurren kakak horretarako jarritako edukiontzietara bota behar dira, poltsa itxi baten barruan. Txizari dagokionez, udalak xaboidun ura edo ozpina botatzea aholkatzen du, hiri-altzariei eta bide-zoruari ahalik eta kalte txikiena egiteko. Udalak txiza garbitzeko botilak oparituko dizkie txakurren jabeei. Botilak udaletxean jaso ahal dituzte, txakurraren osasun kartilla aurkeztuta. Horretaz gain, udalak maskotei eta toki publikoen errespetuari buruzko galdetegia prestatu du. Kanpaina honen helburua kontzientziazioa da, baina udalak argi utzi nahi du araudia betetzen ez dutenek isunak jaso ditzaketela.