Lehen etapa Zumarraga eta Agurain artekoa izango da

Emakumezkoen Itzulia (Itzulia Women) Zumarragatik abiatuko da, maiatzaren 16an. Lehen etapa horretan txirrindulariak Zumarragatik Agurainera joango dira.
2025eko Itzulia Womenen aurkezpen ofiziala gaur egin dute Donostiako udaletxean. Eneko Goia Donostiako alkateak, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotziak, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordeak, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako diputatuak, Joseba Urkiola EITBko Kiroletako zuzendariak eta Javier Riaño Ocetako presidenteak parte hartu dute. Oceta Itzulia antolatzen duen enpresa da.
Aurtengo Itzulian 19 taldek parte hartuko dute. Horietako 14 World Tourrekoak izango dira. Maila gorenekoak, alegia. Orain arteko edizio menditsuena izango da, hamar mendate puntuagarrirekin: lehen mailako bat, bigarren mailako hiru eta hirugarren mailako sei.
Etapa luzeetan Zumarragatik abiatuko dena izango da, 148,5 kilometrorekin. Luzeena izateaz gain, desnibel handienekoa izango da. Izan ere, hiru mendate puntuagarri izateaz gain, oso gorabeheratsua izango da. Ihesaldirako egun aproposa izango da. Azazetako mendatearen osteko azken kilometroak azkarrak izango dira.
Bigarren etapan Ugao-Miraballesetik Igorrera joango dira. 116 kilometro egingo dituzte. Urduritasun handieneko etapa izango da, txirrindulariek lau mendate puntuagarri gainditu beharko baitituzte. Gainera, azken kilometroak aldapatsuak izango dira. Horretaz gain, antolatzaileek hobaridun bi esprint txertatu dituzte eta sailkapen nagusirako borrokari begira garrantzitsuak izango dira.
Hirugarren eta azken etapa, maiatzaren 18koa, Donostian hasi eta amaituko da. Etapa erabakigarria izango da. Ibilbidea Donostiako Klasikokoaren antzekoa izango da, Lezotik Jaizkibelera igoko direlako eta, ondoren, Oriotik Mendizorrotzera. Donostiaranzko jaitsiera eta Donostiarainoko hurrengo kilometroak banakako erlojupekoa izango dira, helmugara iristeko eta sailkapen nagusian garaipena lortzeko.