Elizalde-Gurutzeko aldapan zebrabide altxatu bat egingo dute, gurpildun aulkiak okertu gabe pasa daitezen
Datorren asteazkenean, maiatzak 27, Elizalde-Gurutze auzoko aldapan eta Matxinportako zuzengunean zenbait konponketa egingo dira. Hori dela eta, lanek irauten duten bitartean, baliteke zirkulazioan tarteka etenak gertatzea, nahiz eta lan horiek egingo dituen enpresa garajeen sarrera zein irteera errazten saiatuko den.
Elizaldeko aldapa aurrekontuen bileratan bizilagunek egindako eskari bati erantzuteko asfaltatuko da. Gurpildun aulkiekin Elizaldetik Gurutzera zeharkatzeko, aldapa handia dagoenez, zebrabide altxatu bat egitea eskatu zuten, aulkiak bestela okertuta pasatzen baitira. Hori aprobetxatuz, aldapa guztia txukunduko da.
Matxinportako zuzengunean, berriz, zenbait zulo daude. Estali egingo dira. Udalak inguru horretan berrurbanizazio proiektu bat enkargatu behar du, baina hori idazten den bitartean, txukuntze bat egitea “nahitaezkoa” da.
