Parte hartzaileen artean Yulen Aranberri eta Jon Zaldua herritarrak izango dira
Bihar, 17:00etan, euskal duatloiko bigarren finalaurrekoa jokatuko da Zumarragako Euskadi plazan. Parte hartzaileen artean Goierriko hiru aizkolari izango dira: Yulen Aranberri eta Jon Zaldua zumarragarrak eta Lazkaomendiko Haritz Goena.
Lehen finalaurrekoa Berastegin jokatu zen joan zen astean eta finala ekainaren 7an izango da, 17:00etan, Tolosako zezen plazan. Sei kirolari dagoeneko sailkatuta daude, iaz egindako lan onagatik. Berastegin hiru kirolari sailkatu ziren finalera eta Zumarragan beste hiru sailkatuko dira.
Dagoeneko finalerako sailkatuta dauden bederatzi kirolariak Julen Alberdi Txikia IV.a, Xabier Zaldua, Eneko Saralegi, Ibai Soroa, Ugaitz Mugertza, Oier Kañamares, Julen Kañamares, Eloy Corchero eta Oier Mitxelena dira.
Zumarragako saioan Aitzol Atutxa, Julen Larrea, Ioritz Gisasola, Manuel Fraile, Beñat Lekue, Aritz Oregi, Borja Fernandez, Aritz Oiarbide, Txutxi Larrazabal, Aranberri, Goena eta Zaldua arituko dira. Joanes Izagirre urretxuarra ere parte hartzekoa zen, baina minduta dabil.
Egin beharreko lanak iazko berdinak izango dira: 45 ontzako enbor horizontala ebaki, 45 ontzako enbor bertikala ebaki eta 500 metroko korrikaldia, bi aldiz (finalean lau aldiz egingo dute). Lana 18 minuturen azpitik egin beharko da. Kirolari batek denbora hori gainditzen badu, kanporatua izango da eta ez da sailkapenean sartuko.
Sarrera doan
Proba 17:00etan hasiko da, kirolarien aurkezpenarekin. Antolakuntzak bi orduko saioa izango dela aurreikusten du. Antolatzaileek eta udalak egindako esfortzuari esker, kanporaketarako sarrera doakoa izango da. Jendea ikuskizunaz gozatzera animatu dute.
