Urretxu eta
 Zumarragako Euskara 
Hitzaurrea
Sarrera
Metodologia

 

 Atalak
Fonetika-Fonologia
Azentua
Izenaren Morfologia
Aditzaren Morfologia
Sintaxia
Lexikoa

 

 Dokumentuak
Elkarrizketak
Argazkiak
Bibliografia

 

 Fonetika-Fonologia

"...Eskola fundamentuik batez,
eta iskeria re ba sukalden aittuta ikixi det..."

Atal honetan Urretxuko eta Zumarragako hizkeran bokalek eta kontsonanteek dituzten bilakaera fonetikoak dira aztergai. Honela bada, eta beti ere ahozko hizkeran oinarriturik, esandakoa nola esaten den aztertuko da ondoren, hau da, bokalak eta kontsonanteak nola esaten ditugun aztertuko dugu.

 Bokalismoa  Kontsonantismoa
  1. Aldaerak
  2. Diptongoak
  3. Hiatoak
  4. Bokal geminatuak
  1. Herskariak
  2. Dardarkariak
  3. Albokariak
  4. Sudurkariak
  5. Igurzkariak
  6. Txistukariak
  7. Sabaikariak
 Bokalismoa

 3.- Hiatoak

Bi silabatan banatzen diren bi bokalek osatzen duten multzoari hiato deitzen zaio. Hitz barnean ere ohikoa da hiatoa, eta are gehiago bokal arteko b, d, r, t, d kontsonante bat desagertu ondoren. Diptongoekin egin genuen eran, hauei ere "hiato berriak" deituko diegu.

Hauek dira morfema barruan topatu ditugun hiatoak:

- AE: Rafaelek/ bae (gabe)/ aek (haiek)/ dae (daude)/ Aerre (Agerre)
- AO: faola (farola)/dao (dago)/ kao (klaro)
- EA: eamaten (eramaten)/ batea(batera)/ sea (zera)/ geatu (geratu)/ beatzi (bederatzi)/ beak (berak)/ atea (atera)/ Beasaiñ/ jenealen (jeneralean)
- EO: eotentzan (egoten zen)/ geo (gero)/ zeonen (zegoenean)/ eo (edo)/ beotasuna (berotasuna)/ ezkeo (-ez gero)
- OA: Zuloaa (Zuloaga)/ zoazte/ loaldi/ jobartzoau (jo behar zioagu)
- OE: sioen (zioten)
- OU: bizimoua (bizimodua)
- IA: dia (dira)/ kriada/ diana (dudana)/ ziar (zehar)/ erretiau (erretiratu)/ ikiagarrizko (ikaragarrizko)
- IO: sioen (zioten)/ balio/ komunio/ derrior (derrigor)/ Eskio (Ezkio)/ ezkio (ez gero)/ barrio
- IE: ziela/ seizientosa (seiscientos)/ ziero (zeharo)
- IU: biurrikerik (bihurrikeriak)/ katiuskaik/ gendiun (genion)
- UA: estuasun/ guaz (goaz)/ kuadro
- UE: suen (zuten)/ due (dute)

Kasu batzuetan IO hiatoa osatzen duten bokalen artean, y kontsonante epentetikoa[11] tartekatzen da bokal artean:

nobiyo/ oliyo/ baliyo

Baita IE hiatoan ere: ihartuta —> iyertuta

Bestalde, -i eta u bokalez bukatzen diren hitzei a mugatzailea eranstean, y eta b kontsonante epentetikoak tartekatzea da joera nagusia, nahiz eta salbuespenak ageri. Kasu honetan y tartekatzea arruntagoa da b tartekatzea baino, azken hau adibide gutxi batzuetan bakarrik ikusi baitugu.

tuberiya/ ariya/ ostiya/ gariya/ aundiya/ txikiya/ euzkiya/ txerriya/ ardiya/ tertuliya/ familiya/ berriya/ bazkariya/ ogiya

Hala ere, talde honetan salbuespenak ageri dira:

arpegie/ ogie/ ogia/ rubia/ kontzientzie/ txerria/ ardia/ ixtoria...

u bokalez bukatzen diren hitzetan, tarteka, b kontsonante epentetikoa tartekatzen da:

altuba/ narruba/ narrutuba/ gixauba/ piñuba/ ganauba

Hala ere joera nagusia bestelakoa da:

barrua/ tellatua/ sua/ merkatua/ katua/ partidua/ soñua/ kontua/ eskua/ zakua/ erremua/ narrua/ porrua/ tratua...

Zenbaitetan hiatoak murriztu egin daitezke. Murrizketaren ondorioz zenbait bilakaera gertatzen dira:

— IE > I:

herramienta —> erreminta
si quiera —> sikira
paciencia —> pazintzi
merienda —> merinda

Hala ere, murrizketa hau ez da maileguetan bakarrik gertatzen, euskal hitzetan eta toponimian ere nabari dira, tartean eta partikula agertzen bada: Ipiñarritta/ ordubittan /untzitta

Beste zenbaitetan hiatoa diptongoa sortuz eraldatzen da:

— EE > EI :

mehea —> meiya
kea —> keiya
behean —> beiyan

Azkenik, asimilazioak ere gertatzen dira:

UE > EE :

gero aldatu egin zuten —> geo aldau intzeen
ez dutelako sekula ikasi —> ez deelako sekula ikasi
interesa jarri ez dutelako —> interesa jarri ez deelako
hori bota egin zuten —> ori bota intzeen
gero hori ordaindu egin behar dute —> geo ori ordaindu in ber dee

  •  Hiatoetako bilakabideak:

    Bokalez bukatzen diren hitzei a mugatzailea eranstean sortzen den hiatoak hainbat emaitza eman ohi ditu; hona hemen zenbait adibide:

    •  a+a > ia: -az bukatzen den hitzari mugatzailea eranstean orokorrean -ia sortzen da inguru honetan: neskia, sokia, baatxuizopia, errotia,...

    Hala ere, zenbaitetan ageri dira -ea erakusten duten formak ere: kritikea, eskusokea,

    Disimilazio hau deklinabideko kasu gehienek jasaten dute:

    Nork: errekek, sokek,

    Nori: guardizillei, serorei,

    Noren:prasen, elizen

    Norekin: eskuerekin, gaztaiñekin, koskeekin, aizkorekin

    Norentzat: eskolentzako

    •  e+a > ia: ez bukatzen den hitzari a mugatzailea eranstean -ia sortzen da: semia, etxia, kalia, atia,...
    •  i+a > iya: (ikus kontsonante epentetikoei buruzko atala)
    •  o+a > ua: oz bukatzen den hitzari mugatzailea eranstean -ua sortzen da: artua, astua, artoberua, talua... Oraingo honetan ere zenbait elkarrizketetan -oa duten formak ageri dira, nahiz eta joera nagusia ez izan: depositoa, albaitteroa,...
    •  u+ a > ua : (ikus kontsonante epentetikoei buruzko atala).

[11] Hitz baten barnean etimologiari ez dagokion fonema agertzea.
Gora
 
 



Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea

Labeaga 12, behea.
20700 Urretxu (Gipuzkoa - Euskal Herria)
.
Telefonoa: (+34) 943036474